36. San Silvestre Donostiarra egin ahal izango da abenduaren 31n
Urteari bukaera emateko, abenduaren 31n, 36. San Silvestre Donostiarra egin ahal izango da. 7,7 kilometroko ibilbidea izango du eta duela bi urte baino jende gutxiago espero da. Izen ematea lasterketaren webgunetik egin daiteke, eta abenduaren 26ra arte 12 euro ordaindu behako dira, abenduaren 27tik 30era arte, berriz, 17 euro. Lasterketaren egunean ezingo da izena eman.
Abenduaren 29an eta 30ean dortsalak jasotzeko aukera izango da Amarako frontoian, 11:00etatik 19:30era. Arropa, ordea, 14:00etatik aurrera jasoko da Easo Plazan, eta eguraldi txarra aurreikusten bada, Amara kaleko frontoian egingo da zerbitzua
Lasterketa hasi aurretik, parte-hartzaileak bakarrik egon ahal izango dira irteerarako mugatutako tokietan, eta maskara nahitaezkoa izango da. Behin lasterketa hasita, erabiltzea gomendatu dute, gutxienez gainerakoekin distantzia jakin bat lortu arte.
Lasterketa 16:00etan hasiko da Easo plazatik. Ondoren, San Martin kaletik eta Mirakontxatik joango da. Errepidetik Antigua auzorantz bideratuko da, eta tunela igaro ondoren, Satrustegi kalerantz joango da, Eduardo Txillida kalerantz, Ondarreta hondartzara iristeko. Lehenik, Ondarreta pasealekua zeharkatuko du, eta, ondoren, Kontxako pasealekua. Portaletasetik Pare Zaharrera sartu eta Gros auzora iritsita, Kursaal parean emango du bira, Bulebarrean sartu eta Easo Plazan amaitzeko. Bertan freskagarriak eta fruta banatuko dira.
Amaiaren, parte hartzaileek maskara jarri beharko dute eta Easo plazako esparrua utzi beharko dute. Horrez gain, ibilbidean erdian ez da ur hornidurarik izango eta ez dago ohiko musika animaziorik izango bidean zehar. Bestalde, dortsal zenbakiarekin ezingo dira Kontxako kabinak erabili.
Sariak
Aurtengo sari banaketa ere ez da betiko moduan egingo, ez da aurkezpen handirik izango, ezta jai ekitaldirik ere. Emakumezkoetan eta gizonezkoetan irabazleek txapela jasoko dute. Horrez gain, bi kategorietan sailkatutako lehen hirurek Gabonetako opari bat eta Super Amarako establezimenduetan erosketak egiteko txartelak jasoko dituzte. Laugarren eta bosgarren sailkatuek ere erosketa txartelak jasoko dituzte.
San Silvestre Txiki Solidarioa
San Silvestre Donostiarrarekin batera, Haurren Lasterketa egingo da abenduaren 26an, igandean. Bertan, 13 urte bitarteko haurrek parte hartu ahal izango dute, honako kategoria hauetan:
- Txiki: 6–7 urte. Distantzia: 220 m.
- Benjaminak: 8–9 urte. Distantzia: 375 m.
- Kimuak: 10–11 urte. Distantzia: 565 m.
- Haurrak: 12–13 urte. Distantzia: 1.130 m.
Proba asfalto gainean jokatuko da, herri barruko zirkuitu batean, Autonomia kalean, Pedro Egaña kalean eta Easo kalean. Haur guztiek maskara eraman beharko dute. Dortsalak 10:00etan emango dira Arroka plazan, eta bertan Realeko atletismo saileko entrenatzaileen esku geratuko dira. Kategoria bakoitzerako irteerak 11: 00etatik aurrera izango dira Easo Plazan.
Izen ematea lasterketaren webgunean egin ahal izango da eta 3 euroko kostua izango du. Oraindik ez dute erabaki zertara bideratuko den jasotako dirua. Guztira, 400 dortsal emango dira.