Dbizi sistemak bizikletaz egindako bidaia kopurua bikoiztea lortu du urtebetean
Abenduaren 11n Dbizi bizikleta alokatzeko sistema berriak urtebete egin zuen funtzionamenduan. Udalak emandako datuen arabera, erabiltzaile kopuruari eta egindako bidaiei dagokienez zifra errekorrak lortu dira.
Zerbitzu berriak 46 geltoki eta 437 bizikleta ditu erabilgarri, eta bizikletaz egindako bidaien kopurua bikoiztea lortu du 12 hilabete baino gutxiagoan. 2021eko azaroaren amaieran 405.017 bidaia egin dira, eta 2019an, berriz, 208.007 bidaia egin ziren aurreko sistemarekin.
Zerbitzuan dauden abonatuen kopuruari dagokionez, aurtengo urrian zenbatu zen erregistratu kopururik handiena, 6.073 abonatu. Aurreko sistemarekin lortutako abonatu kopuru maximoarekin alderatuz,%112ko igoera izan da, 2018irailrean 2.854 erabiltzaile erregistratu baitziren.
Erabiltzailearen profilari dagokionez, gehiengoa 20 eta 29 urte bitartekoak dira %22arekin, eta jarraian, 40-49 eta 50-59 urte artekoak daude, %20arekin biak. 30 eta 39 urte bitarteko erabiltzaileen taldea, berriz, %17a da.
Dbizin egindako bidaiak ibilbide laburrak dira batez ere, bidaien %70 inguru 15 minutu baino gutxiagoko ibilbideak baitira, eta eguneko puntako orduetan, hala nola ikastetxeetako eta lantokietako sarrera eta irteera orduetan, intentsitate handiagoa dute.
2021eko bigarren seihilekoan Dbizi lanean aritu da bere zerbitzuetan kalitate araua betetzen dela egiaztatzeko, barruko zein kanpoko auditoriak eginez, Udalaren arabarra, “oso emaitza onak” izan ditu. 2022ko udaberrian Dbizik Aenorren ziurtagiria izatea espero dute, “erabiltzaileei ematen zaien zerbitzuak kalitate baldintza zorrotzenak betetzen dituela bermatuko duen kalitate zigilua”.