Hilketa matxistak eta lan heriotzak salatzeko ekitaldia egingo du Kontseilu Sozialistak abenduaren 30ean
Abenduaren 30ean “biolentzia kapitalistak eraildako langileak eta indarkeria matxistak hildako emakumeak” omentzeko eta biolentzia hori bera salatzeko ekitaldia egingo du Kontseilu Sozialista Donostiak Antiguako Jose Maria Sert plazan. Adierazi dutenaren arabera, aurten Donostian lau langile hil dira lanpostuan, eta Euskal Herrian, gutxienez, 60 izan dira. Bestalde, indarkeria matxistak Euskal Herrian gutxienez bost emakume erail dituela nabarmendu dute. “Biolentzia honi aurre egiteko modu bakarra langile antolakuntza” dela ere adierazi dute.
Hori dela eta, abenduaren 30ean 19:00etan Sert plazara joateko deia zabaldu dute, “urte honetako bortizkeria kapitalista salatzeko eta horren aurrean ezinbesteko langile antolakuntza aldarrikatzeko”.
Biolentzia kapitalistaren espresioak
Lan heriotzez eta hilketa matxistez gain, biolentzia kapitalistak beste hamaika aurpegi dituela adierazi du Kontseilu Sozialistak: “Biolentzia kapitalista, baina, ez da lan erailketetara eta hilketa matxistetara mugatzen. Aurten, zazpi migratzaile hil dira Euskal Herria migrazio bidean gurutzatzen ari zirela”, diote. Suizidio tasaren igoera ere biolentzia honen eragina dela nabarmendu dute: “Euskal Autonomia Erkidegoan 184 pertsonek egin zuten beren buruaz beste 2020an”.
Argindarraren prezioaren igoera eta “bizitzaren garestitze orokortua” ere salatu dituzte, eta garestitze honek bereziki gizartearen sektore proletarizatuenak jotzen dituela azpimarratu dute”.