Ametsak margotzen dituen robot berria aurkeztu du Tabakalerak
Dream Painter instalazio robotiko interaktiboa da eta publikoaren ametsak margolan kolektibo bihurtzen ditu. Atzo aurkeztu zuen Tabakalerak lana Artea, Zientzia Teknologia eta gizartearen aldeko apustua sendotzeko asmoz. Ildo horretatik abiatu zuen 2020 uztaileak Medialab espazioa sorkuntza artistikoa, herritarren sorkuntza eta kultura digitala uztatzeko.
2020ko irailean Quadrature artista alemaniarren Supraspectives lehen ekoizpen artistikoa Medialaben aurkeztu ondoren, atzo 2021ean Teknikerrekin elkarlanean egindako proiektua aurkeztu dute. Lana Varvara & Mar artista bikoteak sortu du , eta Teknikerrekin batera robotaren eta gizakiaren arteko elkarreraginean konfiantza kontzeptua ikertu dute. Horren emaitza izan da Dream Painter, Adimen Artfizialari esker bisitarien ametsak entzun eta interpretatzen dituen instalazioa, ondoren, horien inguran margolan bat sortzeko.
Instalazio robotiko interaktiboak hainbat zati ditu: interakzio-geltokia, robot margolaria eta sormen-kodifikazioa, ahozko hitza mihisearen gaineko arte bilakatzen duena. Bisitariek haien ametsak kontatzen dizkiote gailu bati eta beso robotiko batek, erabiltzaileek emandako informazioa jaso ostean, ulertu egiten du eta ametsen bere interpretazioan oinarrituta mural bat margotzen du.
Lanak hainbat galdera proposatzen ditu, esaterako: “uler dezakete makinek gure inkontzientea? Zer gertatzen da algoritmoak gure ametsei zentzua emateko, geure burua guk geuk baino hobeto ulertzeko gai badira? Ba al dago konfiantza-mugarik gizakiaren eta teknologiaren arteko harremanean?”