"Afari bero bat baino gehiago da"
Pasa den urtean hasi ziren afariak banatzen, eta, gaur egun, 100 bat etxegaberentzako afariak banatzen ari dira egunero, Parte Zaharreko Konstituzio plazan eta Egiako Blas de Otero plazan. Boluntario taldea indartsua bada ere, lan handia egiten ari dira, eta afariak prestatzeko boluntario bila dabiltza. Parte Zaharreko sareko Agus Rodriguez Burguete eta Egiako sareko Ixiar Gozalez Gurrutxagak egoeraren berri eman dute.
Nola hasi zineten Parte Zaharreko afariekin?
Agus Rodriguez Burguete (A.R.B.): Oso era naturalean sortu zen. Azaro aldean, hainbat pertsona Konstituzio plazan lo egiten ari zirela ohartu ginen, eta haiengana hurbiltzea erabaki genuen, zertan lagundu genezakeen galdetzeko. Haien erantzuna argia izan zen: ‘Zerbait beroa gaua igarotzeko’. Halaxe hasi ginen gauero afariak eskaintzen. Lehen bi hilabeteetan, bost lagun artatzen genituen, Infernutik kanporatutako jendea zen. Urtarriletik aurrera, jende kopurua hazten hasi zen. Zorionez, boluntario kopuruak ere hala egin zuen. Prentsaurreko bat egin genuen, jendeak gertatzen ari zena jakin zezan, eta beste auzoetan ere halako dinamikak sortzeko deialdia egiteko.
Eta Egiakoekin?
Ixiar Gonzalez Gurrutxaga (I.G.G.): Testuinguru horretan sortu zen Egiako sarea. Deialdi horren ostean, auzoko taldea sortzeko interesa genuen pertsonak Parte Zaharrekoekin bildu ginen. Nola antolatzen ziren kontatu ziguten, eta dinamika ezagutzeko aukera izan genuen. Lehen afaria martxoaren 19an egin genuen. Hemen ere, boluntario eta kontsumitzaileak areagotzen joan dira denborarekin. Gu ere plater beroa eskaintzen hasi ginen, eta abuztura arte hala jardun dugu. Abuztitik, ordea, janaria poltsatan eta tuperretan banatzen ari gara. Azken asteotan 40-50 afari inguru ematen ari gara gauero.
Harrera Sarearekin harremanetan izan zarete ezta?
A.R.B.: Harrera Sarearekin hasieratik izan dugu harremana. Pasa den neguan mantak eta lo zakuak haien bitartez lortzen genituen. Horrez gain, aholkularitza ere eskaini digute, hainbat kasutan jendea nora bideratu jakiteko. Izan ere, hasieratik argi esan dugu gure konpromisoa gauero plater bero bat eskaintzea dela; baina jende honek behar askoz gehiago ditu.
I.G.G.: Misioa hori da, afari bero bat ematea. Pertsona hauek premia gehiago dituzte, eta guk ez dugu askotan informaziorik. Aholku horiei esker, ikasten ari gara nora bideratu. Harrera Sareko pertsona batzuk gure taldeko kideak dira, eta asko ikasten ari gara haiekin.
Lan handia egin duzue urtebetez. Nola bizi izan duzue?
A.R.B.: Duela urtebete esan izan baligute orain honetan jarraituko genuela, ez genuen sinistuko. Guk uste genuen behin negua pasata bideratuko egingo zela. Pixkanaka, ikasten joan gara zer baliabide dauden, eta zer irizpide dauden baliabide horiek aktibatzeko. Hor etsipena sortzen da, haien egoera ez baita batere erraza.
Haientzako oso zaila da jakitea zer eskubide dituzten, zer baliabide dituzten eskuragarri… Egoera horrek gu ere gainditzen gaitu, eta ezina sentitzen dugu.
I.G.G.: Gogorra da jakitea zer baldintza dauden baliabide urri horiek eskuratzeko. Gainera, oso prozesu luzea da. Kalean egon behar dute bizitzen, eta guri ezinegona sortzen digu. Zerbait egin nahi duzu, baina zaila da jakitea nola lagundu dezakezun.
Guztira 50.000 euro inguru gastatu dituzue urtebetean. Nola moldatu zarete?
A.R.B.: Lehengaiak norberaren poltsikotik ordaintzen dira. Tabernetan jarritako itsulapikoetatik ateratzen den dirua ontziak eta bestelako materiala erosteko erabiltzen dugu. Hala ere, gastuek oso altuak izaten jarraitzen dute.
I.G.G.: Nahiko naturala izaten ari da hau ere. Bakoitzak nahi eta ahal duena jartzen du. Boluntario batzuek ezin dute diru hori ordaindu. Bakoitza bere mailan, baina denak ari gara ahalegin ekonomikoa egiten. Ekarpen ekonomikoak egin dituztenak ere badira, eta oso eskertuta gaude.
A.R.B.: Urtebete honetan, baja ugari izan ditugu, eta batzuk arrazoi ekonomikoengatik. Sekulako lana eskatzen du honek, eta, horrez gain, norberak bere bizitza eta betebeharrak ditu. Denbora mugatu bat eskaini diezaiokegu, eta horrek ere ezinegona sortzen du. Hala ere, antolakuntza txukuna dugu nahiz eta testuinguru zaila izan.
«Afari bero bat ematea bezain garrantzitsua, elkarren arteko ezagutza eta elkarri ematen diogun goxotasuna dira», zenioten agerraldian.
I.G.G.: Polita izaten ari da. Badira batzuk finkoak direnak, izen-abizenez ezagutzen ditugu, eta geroz eta gehiago ari dira inplikatzen. Poltsak banatzen laguntzen digute, esaterako, eta gure arteko harremanak ere sendotzen doaz. Beste batzuk joan-etorrian ibiltzen dira, eta harremana aldakorragoa da haiekin. Afari beroa ematen diegu, baina jasotzen dutena gehiago da. Baita guk jasotzen duguna ere. Haientzat, askotan, bakardadetik irtetzeko unea izaten da afariarena. Baina ez da soilik hori, gu ere elikatzen gaitu.
A.R.B.: Lehen, kopurua txikiagoa zenean, errazagoa zen harreman pertsonalak sortzea, eta orain zailagoa da. 40 afari ematen ari zarenean, funtzionamendua ezberdina da, eta, agian, gertutasun hori galdu dugu. Urteurreneko afaria egin genuenean, pixka bat berreskuratu genuen hori. Polita izan zen, haiekin egon ginelako. Egun horretatik aurrera, gertutasun hori berreskuratu dela iruditu zaigu. Esango nuke ordutik irribarre gehiago ikusten ditudala. Gertuko harremanak berreskuratzen ari gara. Polita da gure artean elkarrizketak izatea. Elkar ezagutza bultzatzetik haien inplikazioa sustatu da, eta honen parte sentitzen dira.
Aurrera begira jarrita, zer aurreikusten duzue?
A.R.B.: Guk argi dugu lan hau egiten jarraituko dugula. Erakundeetatik ez dugu aldaketa handirik espero, oso argiak izan direlako. Guk ahal dugun neurrian honetan jarraituko dugu, eta, gainera, argi dugu jarraitu behar dugula. Hala ere, erakundeak interpelatzen jarraituko dugu. Gure itxaropena Donostiako beste auzo eta txokoetan halako sare gehiago sortzea da.
I.G.G.: Guk, hasieran, esaten genuen: ‘Hau noiz arte?’. Erakundeek erantzun beharko luketela uste genuen. Hala izatera helduko balitz, pozik desegingo genuke sarea. Duela gutxi udalarekin bildu ginen, baina ez dugu erantzunik jaso oraindik. Zain gaude, baina honetan jarraituko dugu. Izan ere, boluntario taldea ere egonkortzen ari da, eta gero eta argiago dugu gosea ez pasatzeko jan egin behar dela.
A.R.B.: Beste alde batera begiratzeari utzi, eta begietara begiratzeko unea da. Esan beharra dago, zalantza sortzen zaidala ea azkenaldian hurbiltzen den jende kopuruaren beharrei erantzuteko gai izan garen.
I.G.G.: Laguntzeko modu ezberdinak daude, konpromiso handiena kozinatzea da, baina modu askotara lagundu daiteke. Jendeari guregana gerturatzeko, laguntzeko eta parte hartzeko deialdia luzatu nahi diogu. Bereziki, hamabost egunean behin kozinatzeko prest dagoen boluntario bila gabiltza.