Arte Ederren eraikinak zalaparta sortu du
Gaia iritsi behar zen puntura iritsi da, […] egoera hau luzatzeak ekarri zezakeen azkenean eraikina bera desagertzea; eta ez da horrela izango». Hala baloratu zuen Eneko Goia alkateak udalak irailaren bukaeran Arte Ederren eraikinari buruz hartutako erabakia. Hain zuzen, udalak eraikina birgaitzeko behin betiko baimena eman zion SADEri, eta establezimendu turistiko bat egingo dute. Urte askoko eztabaida izan da Arte Ederren eraikinaren ingurukoa, eta SADEren lanak abian badira ere, eztabaidak bizi jarraitzen du, Ancora elkarteak eraikina babesteko eskatu baitu hainbatetan, mobilizazioak eginez. Izan ere, Lehen Mundu Gerra baino lehenagotik zutik jarraitzen duen Europako zinema areto bakanetakoa da.
Ancorak hiriko ondarearen aurkako beste hainbat «eraso» salatu ditu aurten, baina Arte Ederren eraikinarenaz gain, Martuteneko Erbetegi etxearena da esanguratsuena. Izan ere, XVI. mendeko etxea martxoan bota zuten, AHTaren lanak egiteko.