"Ez dugu onartuko euren eredua inposatzea"
Etxebizitza blokeak erosi, alokairuen prezioak garestitu eta, ordaindu ezean, etxetik bota: hala funtzionatzen dute putre funtsek. Horietako baten biktima da Iñaki Setien Ezkioga, Ategorrieta hiribideko 43. zenbakiko bizilaguna. Hiriak etxebizitzaren auzian duen arazo hau oso presente egon da 2021ean ere, eta arazoa ikustarazteko lanean dihardu Setienek.
Lehenengo eta behin, zer moduz zaude?
Ondo, daukagun egoera kontuan izanda. Konfiantza behintzat badaukagu. Babes zabala jasotzen ari gara Alokairu eta Kaleratzeak Stop plataformetatik, baita alderdi politiko eta zinegotzietatik ere. Batik bat Elkarrekin Podemosek eta EH Bilduk babestu gaituzte, baina EAJ eta PSE-EE ere funtsarekin negoziatzen saiatzen ari dira.
Azora funtsak kalteturiko bizilagunetako bat zara.
Funtsaren izena Azora bada ere, bere filial batek erosi du Immobiliaria Vascongada, Lazorak. Negozioa egitea da euren lana, errentagarritasuna bilatzea. Lazorak hotelen kate bat erosi du, eta orain Espainiako Estatu osoan ditu hotelak. Azkenean, espekulatzaile batzuk dira, eta orain negozioa higiezinekin eta etxebizitzekin egiten hasi dira. Etxebizitza bloke osoak erosten dituzte, gero horiek alokairuan jartzeko. Alokairuarekin espekulatzea da hori, argi eta garbi.
Orain dela hilabete batzuk eskainitako elkarrizketa batean aipatu zenigun funtsak zuen etxeko alokairuaren prezioa %33 garestitu nahi zizuela, 750 eurotik 1.100 euro ingurura, baduzue nobedaderik?
Azaroan, kaleratzeko lehen demanda bidali zigun funtsak. Niri iritsi zitzaidan, nirea baitzen amaitu zen lehen kontratua. Nire kontratua abenduaren 31n amaitzen zen, eta ez nuenez %33ko igoera zekarren kontratu berria onartu, automatikoki kaleratzea bidali didate. Hala ere, nik kontratuan agertzen diren 750 euroak ordaintzen jarraitzen dut, baita uraren eta argiaren gastuak ere. Ni borondate onez jokatzen ari naiz, ez naiz berankor bat. Nire intentzioa ordaintzen jarraitzea da, baina KPIari lotutako igoera batean oinarrituta; parametro arrunten barruan, alegia.
Alokairuaren merkatuaren estatistikaren arabera, guk daukagun etxearen moduko etxe batengatik –60-70 metro koadroko etxe bat– 800 bat euroan egon beharko litzateke alokairua. Orain ordaintzen ditugun 750 euroei %33ko igoera aplikatzen badiegu, 1.200 eurotara iritsiko ginateke, gastuak barne. Horri lukurreria esaten zaio, ez dago beste hitzik. Kontuan izan, gainera, bertan bizi garen jendea langile klasekoak garela: bi lagunen artean 1.500 euro irabazten ditugu.
Badakizue hirian antzeko egoeran dagoen familia gehiago ba ote dauden?
Ategorrietan sei familia gara kaltetuak. Oraingoz, kontratua bukatzeagatik kaleratze arriskuan nagoen bakarra ni naiz. Baina badago beste kaleratze bat alokairua ez ordaintzegatik: pertsona hori oso egoera zaurgarrian dago, hiru seme-alabarekin eta egoera oso prekarioan.
Groseko bizilaguna zara. Azken urteetan gehien garestitu den auzoetako bat da Gros. Zer sentitzen duzu auzoa horrela ikustean?
Zoritxarrez, espekulazioa auzo guztietara zabaldu da dagoeneko. Gu erdigunetik urrats batera gaude, eta jende askok horrekin espekulatu nahi du. Nik uste dut hemen hazi eta hezi garenok ez dugula zertan beste leku batera joan. Gainera, prezioen aldea ere ez da oso handia. Guk uste dugu bizitza osoa daramagun leku berean jarraitu behar dugula.
Hemen ere nabaritu duzue pandemiaren eragina?
Ez, ez dute adeitasun keinu bat bera ere izan, kontrakoa: gogortu egin da. Gainera, gero eta gehiago nabari zaie jendea hemendik bidali nahi dutela. Nik uste dut beraien asmoa etxebizitza turistikoak egitea dela, egungo alokairuek ematen dietena baino errentagarritasun handiagoa emango dien zerbait.
Nola ikusten duzu etorkizuna?
Nik espero dut borroka honek hau guztia gelditzeko balio izatea; eta, nolabait, gu izateko beraiei jarraitu beharreko argibideak emango dizkietenak. Baliteke beste hiri batzuetan euren eredua inposatu izana; baina, hemen, jendearen izaera eta irizpideak kontuan izanda, ez dugu onartuko.