"Illunbek txertoa iritsi izanaren esperantza islatzen zuen"
Koronabirusak hordagoa bota dio gizarte osoari, eta horri erantzuten pasa ditu azken hilabeteak Maria Moreno Santa Catalinak: Illunbeko txertodromoko hiru gainbegiraleetako bat izan zen, eta egun berak bakarrik gainbegiratzen du Atano III.eko txertodromoa. Hordagoa handira onartu zuten lehendabizi, eta orain txikira ere onartu dute: haurren txertaketa hasteko bezperatan egin dugu hitzordua. Elkarrizketa bukatu eta lantoki bilakatu zaion pilotalekura itzuliko da. «Badakit lanera zein ordutan sartzen naizen, baina ez noiz atera», aitortu du. Illunbeko txertodromoaren balantzea egiteko, zezen plazaren kanpoaldean erantzun ditu galderak.
Martxoaren 2tik irailaren 30era, zazpi hilabetez, Illunbe izan zen zure lantokia. Nola hasi zen guztia?
Proposatu zidaten egunean, erronka bat iruditu zitzaidan, baina ardura onartu, eta ilusioarekin hartu nuen.
Hona etortzean ohartu nintzen benetako dimentsioaz, eta ikusi nuen zenbat zegoen egiteke. Lehenengo asteak oso gogorrak izan ziren, baina erronkari aurre egitea baino beste erremediorik ez zegoen. Lan egiteko formularik efektiboena lortu arte, aldaketa asko egon ziren, pertsonal aldetik zein antolaketa aldetik, eta apirila edo maiatza aldera txertaketa eredu optimoa lortu genuen: pertsona bakoitzaren funtzioak oso zehaztuak zeuden, eta denak kate baten moduan funtzionatzen zuen. Baina horra iristea asko kostatu zen.
Eta zein izan da topatu zenuten formula?
Hasiera batean, erizaintza arduratzen zen erregistratu, dosiak kargatu eta administrazio lanak egiteaz. Gero, ordea, erizain nahikorik ez zegoenez, eredua birformulatu eta erizain laguntzaileak sartu ziren. Laguntzaileek txertoa erregistratzen zuten, baina ikusi genuen horrela ere denbora asko galtzen zela. Azkenean, administrazio guneak eta karga lekuak ezberdintzea erabaki genuen: txerto marka bakoitzeko karga leku eta administrazio gune bana zegoen. Atanoko eredua Illunbeko berdina da, baina bertako instalazioetara egokituta.
Illunbetik pasatzen zarenean, zer datorkizu burura?
Esan bezala, lehenengo asteak oso gogorrak izan ziren. Orain dena askoz egonkorrago dago: Illunben ikasitakoa eta bertan pilatutako esperientzia daukagu, eta horrek gauza asko errazten dizkigu. Illunbe itxi zeneko oroitzapen onak ditut, baina bertako esperientzia oso bizia izan zen, eta gogorra zenbait momentutan.
Illunbek txertaketa eredu efektibo bat topatzeko balio izan zuela aipatu duzu. Baina, gizarte gisa, Illunbek zertarako balio izan zuela iruditzen zaizu?
Urte eta erdi oso gogor batetik gentozen, konfinamendu bat pasa berritan. Uste dut garai hartan jendeak oso urruti ikusten zuela txertoa, eta esango nuke Illunbek txertoa iritsi izanaren esperantza islatzen zuela. Baina ez dakit gizartea zein puntutaraino den kontziente honek guztiak dakarren antolaketaz. Ez soilik erizain, erizain laguntzaile edota zeladoreen aldetik; baizik eta baita atzean dagoen engranaje guztiaren aldetik ere: informatikariak, garbitzaileak, idazkari teknikoak, farmazia, biltegia… Lan karga izugarria dago honen guztiaren atzean, eta ez dakit jendea konturatzen den. Jendeak Internet bidez hartzen du hitzordua, hona dator, txertoa jasotzen du eta badoa.
Hori lortzeko lantalde izugarria dago atzean. Herritarrek zer komentatzen zizueten?
Jendea oso pozik zegoen Illunbeko ereduarekin. Herritarren sentsazioa zen honek oso ongi funtzionatzen zuela: hitzordua azkar ematen zitzaizun, etortzen zinen, ongi antolatua zegoen, ez zenuen asko itxaron behar eta ez zegoen aglomerazio sentsaziorik. Egunean 14.000 dosi jartzera iritsi ginen. Sentsazioa ona zen. Beti daude kexak, dena hobetu daiteke, baina, orokorrean, jendea pozik ateratzen zen jasotako zerbitzuarekin.
Zazpi hilabete denbora asko da, baina Illunben bizitako guztia kontuan hartuta, zein unerekin geratzen zara?
Bada, ez dakit, momentu on asko egon dira. Bat nabarmentzekotan, lantaldeak etengabeko aldaketetara egokitzeko erakutsi zuen gaitasuna nabarmenduko nuke. Baina gogoan ditut surrealista samarrak diruditen anekdota batzuk ere.
Baten bat kontatu nahi baduzu…
Nik ez nituen bizi, baina bazegoen jendea bigarren hitzordura lehen dosian ipinitako tiritarekin etortzen zena. Galdetzen ziguten ea dosia jaso eta gero dutxatu zitezkeen, alkohola edan zezaketen… Nik ez dizut esango alkohola edan dezakezunik; baina dutxatu bai, dutxatu zaitez, mesedez. Eta ken ezazu tirita bigarren dosia jasotzera etorri baino lehen! [barrez]. 14.000 pertsona egunean jende asko da, denetatik ikusi dugu.
Orain olatu berri betean gaude berriz. Zein puntutaraino eragiten dizuete kanpotik datozen albisteek?
Osasun langileok errealitatea ikusten dugu, ospitaleetan gertatzen dena; baina indarrean dauden neurrien arabera, batzuetan iruditu izan zait Matrix-en gaudela. Ni arrainontzi batean banengo bezala sentitzen naiz, ikusten baitut gizartearen zati handi bat ez dela kontu- ratzen une honetan izaten ari garen kutsatzeen gorakadaz; eta, aldi berean, gu ezin iritsi gabiltza.
Orain zer giro sumatzen duzue herritarren artean?
Nik uste dut gizarteak ez duela ulertu txertaketak ez duela birusaren transmisioa saihesten. Txertaketak saihesten du gaixotasuna modu larrian pasatzea; ZIU ohe bat behar ez izatea, adibidez. Azken finean, ez dugu ahaztu behar gaixotasun akutu larriek existitzen jarraituko dutela: garuneko infartuak, konplikatzen diren apendizitisak, trafiko istripuak, biriketako edemak, eta abar. Horiek guztiek hor jarraituko dute eta jende horrek zaintza intentsiboak behar ditu.
Hala ere, txertaketarekin ere ez zara erabat immunea. Uste dut jendea ez dela konturatu bizimodua aldatu zaigula. Txertoa jartzerakoan ez zara 2019ra bueltatzen: segurtasun distantzia, mas- karak… Geratzeko etorri dira, eta neurri horiek errespetatzen jarraitu behar dugu txertatuak egonda ere. Uste dut batzuek ez dutela hori barneratu.