Irutxuloko Hitzak Donostia behar du
2021. urtea iazkoa baino askoz hobea izango zela iragarri genuen. Ezin dugu esan askoz hobea izan denik, pandemiarengatik beste urte txar bat izan delako donostiarrentzat eta hainbat sektorerentzat. Baita hedabide honentzat ere.
Asko zarete 2005 urrun hartatik Irutxuloko Hitza babestu duzuen irakurleak eta harpidedunak. Lehenik astekari gisa, eta, 2013tik aurrera, astekari bihurtuta. Zuentzat guztientzat esker oneko hitzak besterik ez ditugu. Azken bi urteak, ordea, oso zailak izan dira.
Pandemiak eragindako krisiaren eta ziurgabetasunaren ondorioz, publizitate salmentak nabarmen jaitsi dira. Harpidetzak, berriz, ez dira espero bezainbeste igo. Horrez gain, Donostiako Udalak hedabide honen diru laguntza bi aldiz gutxitu du. Iazko murrizketa 18.000 eurokoa izan zen, eta aur- tengoa 10.000 eurokoa izan da. Datorren urtean, aurtengo murrizketa bera mantenduko du udalak.
Orain, galdera bati erantzun nahian gabiltza. Donostiak Irutxuloko Hitza behar du, baina zenbat? Argi duguna da Irutxuloko Hitzak Donostia behar duela. Donostiarren eta auzo guztietan bizi diren pertsona ororen hitzak nahi ditugu, eta hiria biziberritzen dutenak. Salbuespenik gabe.
Donostia dugu hizpide, egunero webgunean eta astero paperean. Donostiari buruz informatzen jarraitu nahi dugu, zuk ordenagailuan, sakelakoan eta esku artean irakur dezazun. Horretarako, laguntza, babesa eta arnasa behar dugu. Aldez aurretik, eskerrik asko!