"Klubaren historian arrastoa utzi nahi genuen"
Realaren mutilen taldeak 30 urte zeramatzan titulu ofizialik irabazi gabe, baina, azkenean, Athelticen aurka 0-1 irabazita, 2019-2020ko denboraldiko Errege Kopa Sevillatik Donostiara etorri zen. Mikel Oiartzabal (Eibar, 1997) izan zen penalti erabakigarria sarera bidali zuena, eta bere ibilbideko urte onena izan dela dio.
2020ko kopa 2021ean irabazi du Realak. Nola gogoratzen duzu egun hura?
Oso presente dut. Ez soilik egun hura, Zubietatik atera ginetik itzuli ginen arte, baizik. Momentu guztiak. Esaterako: zaleek egin ziguten agurra, hotelean bizitako ordu luzeak eta ospakizuna taldekideekin. Dena. Nire ibilbideko egun garrantzitsuenetako bat izan zen, dudarik gabe.
Finaleko gol bakarra zuk egin zenuen, penaltiz. Jaurtitzerakoan pentsatu zenuena gogoan duzu?
Ardura handiko momentua zen, baina ez nuen penaltiaz gain ezertan ere pentsatu. Unai Simon ondo ezagutzen dut, eta penaltia nola jaurtiko nuen pentsatu nuen soilik.
Eta, gola sartzerakoan, zer sentitu zenuen?
Penalti jaurtiketako tentsio guztia askatu nuen ospakizunean. Kopa gertuago genuen, bai, baina argi nuen lana ez zegoela amaituta. Zelai erdira itzultzeko bidean, tentsioa berreskuratu eta azken uneraino sufrituko genuela sartu nuen buruan berriro.
Final historikoa izan zen, bi euskal talderen arteko derbia izan zelako. Garrantzitsua izan zen Athletici irabaztea?
Realarentzat oso garrantzitsua izan zen hainbeste urteren ondoren titulu bat eskuratzea. Errege Koparen finala guk egindako lanagatik irabazi genuen, ez aurrean genuen aurkariarengatik. Klubaren historian arrastoa utzi nahi genuen, eta hori ez digu inork kenduko.
Zalerik gabe jokatu zen finala. Sumatu zenuten ‘hamabigarren jokalariaren’ bultzadaren falta?
Bai, noski. Tamalez, zalerik gabe jokatzera ohitu ginen ordurako. 2020ko martxotik partida bakarra jokatu genuen zaleekin, Europa ligan Rijekaren aurka, Kroazian, eta zalerik gabe jokatzera ohitzea besterik ez genuen izan. Pena handia genuen bi taldeek, gure zaleek festa hura bertan bizitzeko aukera ez zutelako izan. Klubek azken uneraino borrokatu zuten hori ez gertatzeko, baina koronabirusak irabazi zuen.
Zuretzat eta gainerako taldekideentzat Realarekin lortzen duzuen lehendabiziko titulua da. Hori ere berezia izan zen zuentzat?
Belaunaldi askok ez genekien zer zen Realak titulu bat irabaztea. Finalera sailkatzea lortu genuenetik, hainbat erreportaje atera ziren Zaragozako finalari buruz, eta aldagelan garbi genuen ez genuela momentu hori gure azalean bizitzeko aukera galdu nahi. Denontzako izan zen berezia. Nacho Monrealen edo David Silvaren moduko jokalarientzat ere oso berezia izan zen, eta ikusi zer nolako ibilbidea duten.
2019an emakumezkoen kopa, eta 2021ean 2020ko gizonezkoena. Zure ustez, zertan asmatu du Realak bi titulu hauek irabazteko?
Realak hamarkada honetan izan duen bilakaera izugarria da. Arlo guztietan. Zubietan egiten den lana, urtero harrobiko jokalariak ateraz, Anoetaren birmoldaketa eta bertan sortu den giroa… Bi kopa titulu horiek ez dira kasualitatea. Ez dira momentu zehatz batean egindako gauzen fruitu, eguneroko lanean egin denaren emaitza baizik.
2021a ahaztezina izan da taldearentzat. Kopa irabazteaz gain, ligan bolada oso ona izan du, eta Europa ligan aurrera zoazte. Beraz, urtearen zein balorazio orokor egiten duzu?
Nire ibilbideko urte onena izan dela esan dezaket. Realarekin kopa irabazi, Europan lehiatu eta bertara itzultzea lortu dugu, selekzioarekin Europako txapelketako finalerdietara iritsi eta Olinpiar Jokoetan zilarra lortu. Partida asko, ametsak betez.
2022an beste titulu baten lehian ikusten duzu Reala?
Titulu bat irabazteko zuk dena ondo egin eta zortea alde izan behar duzu. Realak ezin du helburutzat titulu bat irabaztea izan, 30 urte baino gehiago egon ginen titulurik irabazi gabe. Eguneroko lana ondo egitea da gure esku dagoena, eta, hori eginda, gauza handietatik gertuago egongo garelakoan nago.