Olatuak gora eta olatuak behera
Urte hasieran, 2021a pandemiari agur esango zitzaion urtea zela uste zuten herritar askok, eta txertaketa prozesuaren ondorioz egoera orokorrak hobera egin badu ere, koronabirusaren pandemiak 2021. urtea ere baldintzatu du, bai Donostian eta bai mundu osoan.
«Olatua» izan da gehien entzun den hitzetako bat, positiboek gora egin duten bolada guztiei hala deitu baitzaie: hirugarren olatuarekin hasi zen urtea, laugarrena iritsi zen apirila aldera, bosgarrena udaren ostean, eta seigarrenean murgilduta dago gizartea egunotan. Osakidetzaren proto- koloak aldatzen joan dira, eta olatu bakoitzean, erakundeek askotariko neurriak ezarri dituzte: etxeratze aginduak ezartzea, ostalaritzaren itxiera orduak mugatzea, edukierak murriztea, ekitaldi batzuk debekatzea, eta abar. Azkenetako bat COVID ziurtagiria ezartzearena izan da.
Pandemiari aurre egiteko neurririk eraginkorrena txertaketa izan da. Batez ere, birusarengatik ahalik eta jende gutxien hil dadin. Txertaketa oso presente izan da Donostian, ohiko osasun zentroetan pertsona zaurgarrienak txertatzen hasi ostean, Illunben txertodromo handi bat muntatu baitzuten urte hasieran. Sektore jakin batzuetako langileak pasa ziren lehenengo handik, eta, ondoren, herritar guztientzako ireki zuten. Pixkanaka, Donostiako eta inguruko udalerrietako 12 urtetik gorako biztanle gehienak pasa ziren Illunbetik, birusaren aurkako immunizazioa lortzeko. Guztira, 400.000 dosi inguru jarri zituzten Illunbeko osasun langileek, eta, urritik, Atano III.a pilotalekuan ari dira txertoak jartzen.
Ezin jakin 2022 osoa ere pandemiak baldintzatuko duen, baina, ba- daezpada ere, zaindu gaitezen.