"Oso urte gogorra izan da"
Urte gorabeheratsua izan da aurtengoa ere, eta, bereziki, ostalaritza izan da testuinguru aldakorra sufritu duena. Parte Zaharreko lau ostalarirekin hitz egin du hedabide honek, eta azaldu dute ahal izan duten moduan egin diotela aurre urteari, beste batzuek itxi behar izan dutela deitoratuz.
Azken bi urteak «gogorrak» izan dira ostalaritzarentzako. Neurri eta muga ugari ezarri dizkiete, eta begirada haiengan jarri da askotan.
Parte Zaharreko lau tabernatako ostalariek bizitakoa azaldu dute. Garazi Otegik Cubi taberna darama, Patxi Etxeberriak Aurresku, Lurdes Gartziak Belea eta Joseba Benitok Ordizi. Laurek aho batez diote: «Urte gogorra izan da».
Benitoren hitzetan, arlo psikologikoa izan da zailena: «Bereziki, burua izan da sufritu duena. Hurrengo astea nolakoa izango zen pentsatzen aritu gara hilabete hauetan guztietan: zer ordutegi, zenbat pertsona… Ez digute lana lasai egiten utzi. Astero aldatzen zen egoera, eta psikologikoki latza izan da». Otegik egoerak indar eta gogo gabe utzi duela azaldu du: «Momentu batzuetan pazientzia agortu zaigu».
Etxeberriarentzat, «neurri guztien ar- tean beti egon da ostalaritza»: «Beharbada, hori zen egin behar zena, baina neurrien eskutik beste zerbaitek heldu behar zuen hasieratik: diru laguntzek».
«Gutxi eta berandu»
«Jendeak uste du laguntza ugari jasotzen ari garela. Guztira, bi urtetan jaso duguna oso gutxi izan da, eta ez du askorako ematen», azaldu du Otegik. Askok taberna itxi behar izan dutela diote, eta lanean jarraitu dutenak baldintza zailetan ari direla nabarmendu dute. Gartziak laguntzak oso berandu iritsi direla dio: «Orain arte bizitako egoerari gure aurrezkiekin egin behar izan diogu aurre, eta askok diru laguntzak eskatu behar izan dituzte gastuei aurre egiteko gai izango ote ziren jakin gabe».
Espainiako Gobernuak esan zuen 7.000 milioi euro ostalaritzara bideratuko zituela, baina, ostalariek diotenez, tramiteak ez dira errazak izan, eta baldintza ugari jarri dituzte. Hainbat dirulaguntza jasotzeko, lehenagotik mailegu bat eskatu beharra zegoela azaldu dute. «Politikariek esandakoa gauza bat da, eta errealitatean gertatu dena beste bat izan da», dio Benitok.
«Guk eskatu dugun bakarra lan egiten uztea izan da», dio Otegik: «Nire taberna txikia da, eta momentu batzuetan 8-10 pertsona besterik ezin nituen barruan izan. Horrela, ezinezkoa da gastuak ordaintzea».
«Langileak gara, ez gaizkileak»
Hasieratik, aldarrikatu dute ostalariek langileak besterik ez direla, gizarteak «erruduntzat» jo baditu ere. «Lehenengo momentutik ezarritako neurri gehienak gure sektoreari bideratutakoak izan dira. Beste gune batzuetan jende pilaketak ematen ziren bitartean, gurekin zorroztasun handiz jokatu dute erantzule bakarrak bagina bezala», dio Gartziak.
«Errudun sentiarazi gaituzte. Gure errua izango balitz bezala jokatu dute, eta ez da hala». Benitok salatu duenez, polizia lana egitera behartu dituzte.
Hala ere, betiko bezeroak joaten jarraitzen dutela diote laurek, eta hori oso pozgarria da haientzat.«Izan ditugun gorabeherekin, jendea gerturatzen dela eta, gainera, animoak ematen dituela ikustea pozgarria da», azaldu du Otegik. Gartziarentzat ere «eskertzekoa da aste batetik bestera betiko bezeroak itzultzen direla ikustea».
Azken hilabeteotan, gaueko aisialdia eta tabernetan zutik kontsumitzea itzuli dira tabernetara, baina egoerak zaila izaten jarraitzen duela azaldu du Gartziak: «Egoera normaltasunera hurbiltzeak aire pixka bat hartzen lagundu digu. Hala ere, argi dago lehengo egoerara itzuli arte bide luzea dagoela oraindik; horren adibide da ezarri berri duten agindua, COVID ziurtagiriak eskatzearena».
Itxaropenik gabe
Datorren urtea beltza ikusten dute, eta begirada ezkorra dute langileek. Gabonen ondoren neurriak zorroztuko ditzazketela uste dute, eta ez dute laguntza gehiagorik espero. Dirua baino, lanean uzteko eskatu dute. «Lana baldintza onetan egin nahi dugu. Errua ez da gurea, eta polizia lana egitea ere ez da gure lana. Gu ostalariak gara», azaldu du Etxeberriak.