Tomas Hernandez Mendizabal artista donostiarra zendu da
Tomas Hernandez Mendizabal margolari, eskultore eta kartelgile donostiarra (1940-2021) atzo, hilaren 25ean, zendu zen, 81 urterekin. Hernandez Mendizabalek 60 urte inguruko ibilbide oparoa egin du, eta bereziki ezaguna zen Urrezko Danborra 50 urtez diseinatzeagatik (2020ra arte) eta Tolosako inauterietako kartela 50 urtez baino gehiagoz diseinatzeagatik.
Horrez gain, bere beste hainbat artelan ere ikusgai daude Donostian; esaterako, Altzako Los Boscos auzuneko horma irudietako bat berea da, eta Amara Berriko Trikitilariak eskultura ere berak egin zuen.
Hedabide honek elkarrizketa mamitsua egin zion Hernandez Mendizabali 2020ko ekainean, eta hemen irakur daiteke, osorik. Astekariko azalean atera zuen artista, eta bere ibilbide luzea sakonean errepasatu zuen, baita beste hainbat gaiz hitz egin ere. Orduan, ia 80 urte zituen, eta sortzen jarraitzen zuen, elkarrizketaren zati honetan azaltzen zuenez:
Zure estudioan ikusten dudanagatik, lan egiten jarraitzen duzu.
Noski baietz. Konfinamendu garaian etxean asko marraztu dut, eta 70 marrazkitik gora egin ditut azkenean, errotulagailuarekin.
Proiekturen bat daukazu buruan?
Azkenaldian, udaleko Kultura zinegotziari idatzi besterik ez dut egin, San Telmo museoan erakusketa bat antolatzeko, baina ez dit erantzun ere egin.
Nola ikusten duzu gaur egun artearen eta kulturaren egoera Donostian?
Bueno, Tabakalera jarri zuten, adibidez, baina inork ezagutzen ez dituen kanpoko artistak ekartzen dituzte, eta hemengoei ez diete kasurik egiten. Nik, esaterako, Tabakaleran erakusketa bat egiteko baimena eskatu nuen, baina ez zidaten erantzun ere egin. Bestalde, Bulebarreko erakusketa aretoa kendu dute, eta Kursaala ere hor dago, baina ez da erraza han erakusketa bat egitea. Gaur egun, artistok ez daukagu erakusketak antolatzeko lekurik Donostian. Ni gutxi barru hilko naiz, eta ea nire semeek zer egiten duten gauza hauekin guztiekin.