Udalak barkamena eskatu du noriak arauak urratu zituelako urteberri egunean
Urteberri egunean, hilaren 1eko 03:00ak inguruan, Alderdi Ederreko noria martxan zegoen. Horrela, COVID-19ari aurre egiteko Eusko Jaurlaritzaren azken neurriak urratu zituen. Izan ere, ostalaritza eta aisialdi jarduerak 01:00etan ixteko agindu zuten. Horren inguruan galdetuta, gaur goizean Jon Insausti Kultura zinegotziak barkamena eskatu du udalaren izenean.
Insaustik nabarmendu du bere ardura ez den arren –Donostiako Sustapenak kudeatzen du noria–, neurriak jartzen direnean udala “eredu” izan behar dela horiek betearazteko orduan. “Noriak abenduaren 31n izandako jarrera ez zen batere zuzena izan, eta ikusiko dugu zein den jasoko duten zigorra edo isuna. Ondo jokatzen ez denenean esan behar da, eta argi dago ez zela jokabide zuzena izan”, azaldu du.