Urumea "zabortegi" bilakatu dela salatu du Eguzkik
Urumea ibaiertzean, Mundaizko eta Maria Kristina zubien artean, hondakin mordoa pilatu dela jakinarazi du Eguzki talde ekologistak.
Hedabide honi bidalitako argazkian ikus daitekeenez, somierrak, aulkiak, bizikletak, arropa lixatzeko mahaiak, sukaldeak, komunak eta beste hondakin asko pilatu dira. Taldeak salatu duenez, hainbat tona hondakin metatu dira 200 metrotan, “urpeko zabortegi bat Donostiako bihotzean bertan”.
Eguzkik “zabortegi hau” salatu du eta erakundeei lehenbailehen garbitzeko eskatu die. Zehazki Kosta Zerbitzuari eta Donostiako Udalari. Salatu dutenez, honek ez du azken uholdeekin zer ikusirik, hondakin pilaketa “askoz lehenago hasi zen”.
Taldearen ustez, “premiazkoa da legez kanpoko hondakinak ibaira botatzen dituztenen gaineko zaintza zorroztea, aipatutako lekuan sortu den zabortegia garbitzearekin batera”.