Errepresioa salatu eta absoluzioa eskatu dute Parte Zaharrean
Parte Zaharra Aske plataformak deituta, elkarretaratzea eta manifestazioa egin zuten atzo iluntzean. 2020ko abenduan gertatutako istiluen harira, gazte bati lau urteko espetxe zigorra ezarri nahi diote. Gazteari babesa adierazi zioten atzo 200 bat lagunek egindako protestan. Errepresioa salatu eta gaztearen absoluzioa eskatu zuten.
4/5
— Parte Zaharra ASKE (@pz_aske) January 4, 2022
Argi utzi dugu epaiketa hau ez dela gure lagunaren aurkako eraso pertsonal bat, gazte konprometitu guztien aurkako eraso politiko bat baizik.#ErrepresiorikEZ#MuntaiaPolizialikEZ#ElkartasunaAntolatu#Absoluzioa pic.twitter.com/MU6m6lVW5m
2020ko abenduaren 14an, aurreko egunetan gazteen eta ertzainen arteko istilu batzuk gertatu ostean, gazteek manifestazio jendetsu bat antolatu zuten auzoan, eta, ondoren, istiluak izan ziren berriz: “Manifestazioa bukatu zenean, polizia berriro oldartu zen gazteon aurka eta orduan lehertu ziren istiluak”, salatu du plataformak.
Istilu horietan atxilotu zuten aipatu gaztea, baina plataformak nabarmendu du gaztea ez zela istiluetan parte hartzen ari: “Ez zen inolako liskarretan parte hartzen ari, eta istiluak ematen ari ziren gunetik (Narrika kaletik) kanpo zegoen, Bulebarrean”. Hain zuzen, gaztearen atxiloketa ikusten den bideo bat argitaratu dute sare sozialetan, non ikusten den gaztea ez zegoela istiluak gertatzen ari ziren eremuan.