Sareren Donostiako manifestazioa Mendeurren plazatik abiatuko da
Hilaren 8an Bilbon egitekoa zen manifestazio jendetsua bertan behera uztea erabaki zuen Sare mugimenduak, COVID-19ak eragindako egoerarengatik. Horren ordez, Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako hiriburu eta herrietan manifestazioak egingo dituzte larunbatean. Donostiakoa 17:00etan abiatuko da Mendeurren plazatik.
“Ez da erabaki erraza izan, bigarren urtea baita aldarri beraren gerizpean pertsona ugari biltzen dituen mobilizazio handi hau baztertzen dugula. Baina argi daukagu bizitzen ari garen egoera honetan, non gero eta positibo gehiago baitaude eta gaixotasuna erraz kutsatzen baita, 80.000 eta 100.000 pertsona artean elkartzen dituen mobilizazio bat deitzea arduragabekeria dela, eta Sarek kosta ahala kosta saihestu nahi du hori”, azaldu zuen Sarek iazko urte bukaeran egindako prentsa agerraldian.
Bilboko kaleetan plazaratu nahi zituzten aldarrikapenak Euskal Herri osora zabaltzeko asmoa dute: “Batetik, data hau ikur bat delako euskal presoen eskubideen aldeko aldarrikapenaren barruan. Bestetik, nahiz eta azken urte hau garrantzitsua izan espetxe-politikan hainbeste espero genuen aldaketari dagokionez, euskal preso gehienak Euskal Herritik kanpoko espetxeetan daudelako oraindik, eta gradu-progresioa blokeatuta dagoelako, eta, ondorioz, presoek ezin dutelako egin etxera itzultzeko prozesua. Eta, azkenik, pandemia honek eragin zuzena duelako presoengan eta haien senideengan. Berriro ere zailtasunak daude zenbait espetxetan bisitak egiteko, bereziki aurrez aurrekoak”.