"Aitak miresle handiak zituen, baina baita etsai bihotzekoak ere"
Hamar urte beteko dira hilaren 14an Jose Luis Alvarez Enparantza ‘Txillardegi’ hil zela (Antigua, 1929-2012). Bere figuraz hitz egiteko batu ditugu bere lau seme-alabak: Joseba Alvarez (Donostia, 1959), Mikel Alvarez (Paris, 1962), Jon Alvarez (Donostia, 1959) eta Maddi Alvarez (Donostia,1960).
Ostiralean kaleratuko dugu astekarian elkarrizketa osorik, hemen aurrerapena:
16 urte eman zituen erbestean, Donostiara itzuli ezinik. Paris, Brusela… Nolako haurtzaroa izan zenuten?
Mikel Alvarez Forcada: Nik batez ere oroitzen dut nola banandu ginen. Maddi eta biok geratu ginen Belgikan gurasoekin, eta Joseba eta Jon amonaren etxera etorri ziren, Donostiara. Sei edo zazpi urtez egon ginen bananduak. Pixka bat tristea oroitzen dut garai hori. Oroitzen dut beti berriak ginela. Belgikan erlijioko klasean musulmanekin sartu ninduten. Uste zuten musulmanak ginela!
Joseba Alvarez Forcada: Urtean bitan jaisten ziren, Gabonetan eta udaran. Bere kontraesan guztiekin, lotsa pixka bat ematen didan arren, Gabonak niretzat oso bereziak dira, eta uste dut horregatik dela, anai-arrebak gurasoekin elkartzeko unea zelako.
Jon Alvarez Forcada: Gu eta gure belaunaldiko batzuk izan gara gerra ostean egon diren lehen motxiladun umeak. Heldutasunean nabaritzen duzu gauza berezi bat bizi izan dugula. Adibidez, jende guztiak dauka umetako kuadrilla. Guk ez. Gerora konturatu naiz, karga bereziarekin joan garela gu. Eskola batean hasi, bukatu bestean, etxez aldatu. Heldutan konturatzen gara gure belaunaldiko gainontzekoek ez dutela motxila bera.
Maddi Alvarez Forcada: Ez da Jonek esan duena, umetako kuadrillarik ez dugula. Hendaiara iritsi arte, nik ez daukat gogoan lagunik izan genuenik ere. Maiz tokiz aldatzea, beti eskola berria…
Zein giro topatu zenuten Hendaian familia berriz batzerakoan?
Mikel A.F.:Hazparnen egon ginen hilabete batzuk, gaztainondo handi bat zegoela besterik ez dut oroitzen. Hendaian bildu ginenean aldatzen hasi zen dena, 1971n edo 1972an. Hor beste giro bat zegoen jada, Hegoaldeko errefuxiatuak eta euren seme-alabak. Sekulako kuadrilla sortu genuen, dantza taldea… Familia osoa batzeaz gain, ingurune berri bat genuen.
Ez zuten, ordea, inoiz euskaltzain oso izendatu.
Jon A.F.: Euskaltzaindian ez sartzearena oso gaizki bizi izan genuen etxean. Injustizia maila ikaragarria izan da. Euskaltzain oso izateko quorum batera iritsi behar da, uste dut bederatzi direla. Eta ez zituen inoiz lortu. Zergatik? Bada EAJko jendea zegoelako bertan, aita inoiz onartuko ez zutenak. Artikuluak, saiakera, nobela, gramatika… balantza batean jartzen baduzu beste euskaltzain batzuen obrarekin?
Ostiralean osorik IRUTXULOKO HITZAren astekarian eta web orrian.