HEGOA, Anglo Basque School, eskaintza publiko berria
Intxaurrondo Hegoa ikastetxeak, 2022-2023ko ikasturtean, euskara-ingeles murgiltze eredu berria eskainiko du 2 eta 3 urteko haurrentzat. Proiektua urtez urte hedatzen joango da, Haur eta Lehen Hezkuntza osora zabaldu arte. Ikastetxeak, sortu zenetik, ikuspegi globalizatu eleanitza izan du, metodologia ardatza proiektuen bidezko ikaskuntza oinarri izan du eta aitzindaria izan da eskola eleaniztasun inklusiboaren ikuspegiari dagokionez. Honi buruzko azalpen sakonagoak eman dituzte Mila Etxeberriak eta Idoia Mendizabalek, eskolako zuzendariak eta ikasketa buruak, hurrenez hurren.
Intxaurrondo Hegoa ikastetxeak eraldaketa nabarmena izango du hemendik hilabete gutxira. Izan ere, datorren ikasturtetik aurrera, eleaniztasun proiektu berritzaile bat eskainiko du: Hegoa, Euskal Eskola Ingelesa. «Proiektu hau Hezkuntza Sailak bultzatu du, gaur egungo gizarteak gure ikasleek tresna indartsu bat izan dezaten eskatzen baitu; mundu globalizatu honetan murgildu eta mugitzea ahalbideratuko dien lingua franca ingelesa, alegia. Eredu euskal-ingeles hau Hezkuntza Publikoan lehena izango da, eta eskaintza publikoa denez, hezkuntza aukera berdintasuna du helburu», diote zuzendaritzako kideek.
Eleaniztasuna beti gehigarri
Haurraren ongizatea helburu, ama hizkuntzarekiko errespetutik abiatuz, eskolako hizkuntzekiko atxikimendua lortzeko ezinbestekoa da etxeko hizkuntza indartzea, horretan oinarritzen baita gainontzeko hizkuntzekiko transferigarritasuna. «Ezin diogu uko egin gizartearen bilakaerari eta aniztasunari. Gure irakasleak eleanitzak dira, eta etengabeko prestakuntza jasotzen dute hizkuntzen trataera integratu eta integralaren inguruan, baita gelan aplikatzeko ikuspegi eta metodologia eleanitzen inguruan ere, translanguaging pedagogikoa eta hizkuntzen arteko scaffolding estrategiak aplikatuz». Besteak beste, une honetan hainbat proiektu pilotu abian jarri dituzte Lehen Hezkuntzako hainbat mailatan: Pycto idazketa eta Science proiektuak abian dira.
Pycto idazketa eleanitza
Lehen Hezkuntzako hasierako zikloan, euskaraz, ingelesez eta gaztelaniaz irakurketa eta idazketa lantzeko metodologia aktiboa da Pycto. Irudia tresna gisa erabiltzen du irakurtzen eta idazten ikasteko, pentsamolde sortzailea lantzeko eta hizkuntza (ikusmenezkoa, ahozkoa eta idatzizkoa), mailaz maila menderatzen joateko. Eskolako digitalizazio planari jarraiki, IKT baliabide ugari eta eleanitzak dituzte.
Zientzia ingelesez
STEAM ikuspegitik, adimen konputazionala eta zientifikoa garatzeko jarduerak prestatzen dira. «Azken finean, etorkizuneko erronkei erantzungo dieten ikasleak hezi nahi ditugu, sormenez, autonomiaz eta ekimenez arazoei aurre egiteko gai izango direnak. Zer esanik ez, hizkuntzak gakoa dira!». Hortan laguntzeko, zientzia eta ingeles saioetan, Ohiotik (AEBak) etorritako ingeles hiztun natibo bat daukate Lehen Hezkuntzan.
Donostia osora irekia
Intxaurrondo Hegoa ikastetxearen ikuspegi eleanitz eta inklusiboa berezia da, bere seme-alabei aukera gehiago eta hobeak eskaini nahi dizkieten bertako familientzat, baina baita Donostian bizi diren familia misto eta anglofonoentzat ere. Donostiako Udalarekin elkarlanean ari dira, aukera hau Intxaurrondo auzotik hiri osora zabaltzeko. Eskola inguruko familiek lehentasuna izango badute ere, eskolan matrikulatzeko garaian, eskaintza Donostia hiriko barruti guztietara irekita egongo da. «Topo geltokiarekiko gertutasunak ikastetxera ikasleei beste auzoetatik etortzeko aukera ematen die. Amara auzotik hiru minutura gaude, esate baterako». Ate irekiak abenduan egin zituzten, eta hilaren 12an berriz egingo dituzte, 17:00etan. Badago banakako hitzordua eskatzeko aukera ere.