Partaidetza prozesuaren zain daude bizilagunak
Atxiki Añorga auzo mugimenduak giza kateak egiten jarraitzeko asmoa du. Añorga Txikiko hirigintza proiektuan auzotarren iritzia aintzat hartzea aldarrikatzen dute.
Añorgako bizilagun asko ez daude ados Añorga Txikin eraiki nahi dituzten etxebizitzen proiektuarekin. Hori dela eta, Añorgan manifestazio jendetsu bat eta hainbat giza kate egin dituzte irailetik hona. Abenduaren 11n, ordea, udaletxe ondora eraman zituzten aldarrikapenak, eta 255 auzotarrek parte hartu zuten giza katean. Aurten, Atxiki Añorga auzo mugimenduak giza kate gehiago egiteko asmoa du.
Añorga Geltokia izeneko hirigintza planak 248 etxebizitza eraikitzea aurreikusten du. Proiektuari alegazio ugari aurkeztu zizkioten Añorgako hainbat elkartek. «Ez dute kontuan hartu urbanizazio berria lehendik dagoen auzo baten barruan egongo dela, eta, ondorioz, eremu komun mugatuak, mugikortasun eta aparkaleku arazoak, bizi kalitatearen galera eta auzoak duela hamarkada batzuetatik hona eskatzen dituen etorkizuneko azpiegitura eta zerbitzuetarako ingurune horren zati bat erabiltzea ezinezkoa dela», salatu du Atxiki Añorgak.
Donostiako Udalak iragarri zuen 2021. urtea bukatu baino lehen erantzungo zituela alegazio guztiak, baina ez da horrelakorik gertatu. Izan ere, urriko osoko bilkuran udalbatzak onartu zuen hirigintza proiektuan aurreikusitako partaidetza prozesua egitea. Ondorioz, alegazioak prozesuaren ondoren erantzungo dituztela jakinarazi diete Añorgako bizilagunei.
Auzoaren alegazioak eta kezkak
Atxiki Añorgak udalari eskatu dio parte hartze prozesuan «modu eraginkorrean» kontuan hartzeko auzoaren alegazioak eta kezkak. Era berean, ez dute nahi partaidetza prozesua «izapide hutsean» geratzea: «Udalak auzotarrekiko duen konpromisoa benetakoa izatea nahi dugu, eta gure beharrak eta alegazioak kontuan hartzea, proiektua aldatuta. Ez gaude espazio hori berritzearen aurka, ezta etxebizitza berriak sortzearen aurka ere, baina gure iritzia kontuan hartzeko eskatzen dugu, auzoaren ezaugarriak eta bizi kalitatea mantentzeko eta auzoa ez masifikatzeko, gero konpontzea oso garestia izango den arazoak sortuz».