Euskal Billerak ez du parte hartuko danborradaren ordez agian egingo diren ekitaldietan
Donostiako Udalak ostiralean iragarri zuen aurtengo danborrada ere bertan behera uzteko erabakia, baina jakinarazi zuen haur danborradako konpainiek “ohikoa ez den formatu batean” desfilatu ahalko dutela, hala nahi izanez gero. Gaur egungo egoera dela eta, ordea, aukera hori ere alde batera uztea erabaki du Euskal Billera konpainiak.
“Euskal Billerako haurren danborradaren batzordeak, osasun egoera larria ikusita, aurtengo bere jarduera bertan behera uztea erabaki du, eginiko urgentziazko bileran. Halaber, egun horretan egin daitezkeen beste ekitaldi edo ekimen batzuekin bat ez egitea, gure parte hartzaileekin eta haien familiekin erantzukizuna izateagatik”, adierazi du konpainiak. Euskal Billera izan zen udalaren erabakia ezagutu baino lehenago danborradan parte hartuko ez zuela iragarri zuen konpainietako bat.
“Sentitzen dugu sortutako egoera, eta espero dugu datorren urtean normaltasunez ospatzea; horretarako, zuekin guztiekin kontatzen dugu”, gehitu du Euskal Billerak.