Jendetza mobilizatu da Donostian, presoen eskubideen alde
Sarek Euskal Herriko hiri eta herri gehienetan euskal presoen eskubideen aldeko manifestazioak egin ditu, baita Donostian ere. Mendeurren plazatik abiatuta, manifestariak Easo kaletik, Askatasunaren hiribidetik eta Argentinar errepublikaren kaletik igaro dira, mobilizazioa Bulebarrean amaitzeko. Jendetza atera da kalera: manifestazioaren burua udaletxera heltzen ari zenean, Bulebarraren hasierara heltzen ari zen manifestazioaren isatsa. Ibilbide guztian zehar presoen aldeko oihuak eta aldarriak entzun ahal izan dira: “euskal presoak etxera”, “iheslariak etxera” eta “presoak kalera, amnistia osoa”, besteak beste. Hasiera batean, Sare Bilbon zen presoen aldeko manifestazio nazionala egitekoa, baina egoera epidemikoa dela eta, hiri eta herri bakoitzean mobilizazio txikiagoak antolatu dituzte, jende pilaketa handiak saihestearren.
Bulebarreko kioskoan hartu dute hitza Sareko kideek, eta eskerrak eman dizkiete mobilizatu diren herritar guztiei, baita presoen eskubideen alde mobilizatzen jarraitzera deitu ere. Era berean, azken urteotan eman diren presoen gerturatzeekin eta Euskal Herriratzeekin pozik agertu dira, baina nabarmendu dute oraindik “bide luzea” gelditzen dela denak Euskal Herrian egoteko: “Elkarbizitza ezinezkoa izango da, salbuespen legediak eragindako eskubide urraketa desagertzen ez bada”. Era berean, salbuespen legedi horrek “erpin asko” dituela salatu dute: “Blokeo sistematiko baten aurrean aurkitzen gara. Larriki gaixo dauden hemeretzi preso daude oraindik euren osasunerako eskubidea urratuta dutenak. Eta, zer esanik ez, adinduak diren presoen edo motxiladun aurrean eskubideei dagokienez. Salbuespen legediak erpin asko ditu, eta benetako aldaketa batek guztiei eman behar die aterabidea”.
Hain zuzen, ETAk 2018ko maiatzean iragarri zuen bere ibilbidea amaitutzat eman zuela, eta handik hilabetera iragarri zuen Pedro Sanchez Espainiako presidenteak “bestelako espetxe politika bat” jarraituko zuela bere gobernuak ordutik aurrera. Horrela, Berria egunkariak aste honetan bertan argitaratu dituen datuen arabera, 2018ko urtarrilean 300dik gora euskal preso zeuden, 59 kartzelatan sakabanatuta; orain, aldiz, 196 dira presoak, eta 26 kartzelatan daude sakabanatuta. Era berean, %39 daude Euskal Herriko espetxeetan. Helbide honetan kontsultatu ditzakezu 2021ean zehar gerturatutako eta Euskal Herriratutako preso donostiarrak.