Gaur hasi da 'Negu Hurbilak' filmaren errodajea
Ekain Albite gazte zumaiarrak zuzentzen ari den Negu Hurbilak filma gaur hasi dira grabatzen Zubietan (Nafarroa). Jone Laspiur aktore donostiarra izango da pertsonaia nagusia, eta aktore profesional bakarra.
Ihesladi baten kontakizuna izango da, arrazoi politikoengatik ihes egin behar izan duen neska gazte batena: “Ezjakintasunean murgilduta, ez daki non dagoen, nora doan, ez eta iritsiko ote den inora”. Kontakizun honen bitartez “oraindik irekita dagoen zauri” batean sakondu nahi dute, baina finean, “sentimendu unibertsala da hondoan dagoena, deserrotzearena, etxea uztearena jakin gabe inoiz bertara itzuliko zaren”.
Egileen arabera “gutxitan hitz egin da gatazkaren alderdi horretaz, tabuak bezalaxe, gaiari heltzeko orduan, gehienetan estalita geratu den ikuspegia izan da…”. Ikuspegia zabaldu eta iheslariaren bizipenaz gain, harrera egin dioten herritar eta herriaren istorioa ere kontatu nahi dute, mugako eta mugalarien herria.
Pelikularen berezitasunen artean dago Jone Laspiur, Goya saridun donostiarra, izango dela aktore bakarra. Gainontzeko aktoreak herriko bizilagunak izango dira. Hainbat hilabete daramate egileek Nafarroako Zubieta herrira gerturatzen, bertako bizilagunak ezagutzen eta “gertuko harreman bat eraikitzen”.
Proiektuak ESCAC FILMS ekoizpen-etxearen laguntza eta babes ekonomikoa izan du, eta ikasturte hasieran egindako crowdfundingari esker, falta zen dirua lortu dute. Filma 16mm-tan grabatuko da, Kataluniatik Euskal Herrira datorren lan taldearekin.