Haur danborrada hainbat gunetan banatzea proposatuko du udalak
Helduen danborrada bertan behera utzi ondoren, haur danborradaren inguruko bilera egingo dute gaur arratsaldean, 18:30 inguruan, Donostiako Udaletxean. Eneko Goia alkateak aurreratu duenez, haur danborraden konpainiei udalaren proposamena helaraziko diete. Hain zuzen ere, haur danborrada hainbat gunetan banatzea proposatuko diete, eta goiz eta arratsaldeko ordutegiekin.
“Aurreko bileran argi ikusi genuen haur danborrada ezin dela bere ohiko formatuan egin. Ezarritako neurriekin ezinezkoa da haur asko elkartzen direlako. Horrela, konpromisoa hartu genuen alternatiba bat aurkezteko eskolei”, azaldu du Goiak. Kalean ikuskizunak ospatzeko muga bat dago kopuru aldetik; gehienez, 800 pertsona elkartu daitezke. Muga hori ez gainditzeko proposamena landu du udalak. “Muga hori ez gainditzeko, bi aukera ikusten ditugu. Batetik, hainbat gunetan egitea danborrada, eta ordutegiak banatzea goizean eta arratsaldean”. Haur danborradan megafonia orokorra erabiltzen denez, udalak proposatuko du konpainiak multzoka sailkatzea ezarritako guneetan, beti ere, aipaturiko muga gainditu gabe.
50 konpainia dira haur danborradan ateratzen direnak, eta horiek guztiek aukera izango dute udalaren proposamena onartu eta baztertzeko. “Nahi duena aterako da, hori argi dago. Dena dela, gure proposamenak moldaketak izan ditzake. Ikusiko dugu eskolei zer iruditzen zaien”, adierazi du Goiak.