Irati Alonso fisikari donostiarrak 'TEDx TALK' batean parte hartu du Vienan
Irati Alonso Calafell fisikari donostiarrak, Vienako TEDx TALK hitzaldian parte hartu du, konputazio kuantikoari buruzko hitzaldi dibulgatzaile bat eskainiz.
“Mundu kuantikoan bizi zara, egunero aprobetxatzen duzu eta ez dakizu existitzen denik ere. Ordenagailu kuantikoek gure bizitza aldatu behar dute, baina zerk egiten ditu hain indartsuak?”. Galdera horrekin hasi du Alonso Calafellek hitzaldia, eta gure ingurunean dagoen zientziarekiko interesa piztu nahi izan du.
Irati Alonsok txikitatik izan du zientzia eta teknologiarekiko lilura, eta bere fisika irakasleak bultzatuta, Bilboko Euskal Herriko Unibertsitatean hasi zituen fisika ikasketak. Lizentziaturan zehar, Erasmus beka bat jaso zuen, eta horri esker graduko tesia egiteko aukera eman zion Finlandiako Helsinkiko Aalto Unibertsitatean. Mundu kuantikoarekin eta bere aplikazioekin liluratuta, Informazio Kuantikoa eta Konputazio Kuantikoa taldean parte hartu zuen, eta egun, Europako ahots garrantzitsuenetako bat da bere alorrean.
Alonso Calafellek aitortu duenez “oso esperientzia berezia” da hitzaldi hauetan parte hartzea, ikusgarritasunaz gain, “puntako jendea” ezagutzeko aukera ematen duelako. “Ezenatokiko lanaz gain, atzetik dagoena” azpimarratu du, “elkarbanatzen diren ideia guztiak”.
“15 minutuan ezin dira guk landu ohi ditugun kontzeptu konplexuak landu, eta gure asmoa izan da kuriositate hori berpiztea jendeari. Gaia interesgarria dela erakutsi nahi izan dut, eta quantum world delako honi, ez zaiola beldurrik izan behar erakutsi. Jendearen kuriositatea piztea da niretzako garrantzitsuena”.
Tedx Talk hitzaldiak formatu dibulgatzailea duten mundu mailako ekimenak dira. Hitzaldi hau TEDx ekitaldi batean eman zen TED konferentzia formatua erabiliz baina tokiko komunitate batek modu independentean antolatu zuen.
Hemen hitzaldia osorik: