Itziarko Andre Maria etxea eraitsi eta hotel bat eraikiko dute
Donostiako Udalak baimena eman dio Garraposa SL eraikuntza enpresari, Mirakontxako eraikin bat eraitsi eta leku horretan hotel bat eraikitzeko. Hain zuzen ere, La Fe pasealekuko 23. zenbakian dagoen Itziarko Andre Maria etxea da botako dutena. Lanak bukatzeko bi urteko epea adostu du udalak proiektuaren sustatzaileekin.
Ancora elkarteak duela bi egun salatu zuen udalaren erabakia: “Itziarko Andre Maria etxea eraitsiko dute beste hotel bat eraikitzeko. Erabaki honekin, udal gobernuak ondare historikoa txikitzeko politikarekin jarraitzen du, hotelak jartzeko baimenak emanez”.
Etxea 1907an proiektatu zuen Ramon Cortazar arkitektoak, eta 1959an berritu zuen Ricardo Olaranek. Eraikitako Hiri Ondarea Babesteko Plan Berezia berrikusi zenean –gaztelaniazko PEPPUC siglekin ezagunagoa–, etxea babestea proposatu zuten berrikuspenaren adituek. Ordea, eraikinaren jabeek katalogotik kanpo uztea lortu zuten alegazio baten bidez.
Turismoaren eta etxebizitzaren arazoa
Azken urteotan larritu den fenomenoa da turismoaren eta etxebizitzaren arazoa Donostian. 2011tik 2019ra, 574.096 gau gehiago egin dira Donostiako hoteletan (%30 gehiago). Zifrak askoz altuagoak dira Airbnb eta bestelako ostatu turistikoak kontuan izanez gero. 2016an, 1.894.610 egonaldi kalkulatu ziren, hotelez gain (600.000 gehiago). Hain zuzen, hotelen gaiak sona hartu du hirian, 2016tik 45 hotel berri ireki baitira Donostian, 3.000 ohe baino gehiago.