Juan Cruz Saralegi zendu da, Atotxako dorrearen arkitektoa
Juan Cruz Saralegi Diez arkitektoa zendu zen joan den ostiralean, hilaren 7an, 79 urte zituela, Donostian. Atotxako dorrearen arkitektoa izan zen Saralegi, Mariano Oteizarekin batera.
1970eko ekainean sinatu zuten arkitektoek dorrearen proiektua, eta 1973an bukatu zuten. Hiriko eraikin altuenetariko bat da, eta lehenengo egunetik donostiarren artean eztabaidak sortu izan baditu ere —batzuek gorroto dute eta beste batzuk mirestera iritsi dira—, hiriaren ikono bat da gaur egun.