Kontxa pasealekuko kostaldeko horma konpondu eta handituko dute
Donostiako Udalak Kontxa pasealekuko lanekin jarraitzen du. Gaur onartu dute kostaldeko horma, Errege Etxearen eta Antiguaren tunelaren artean, konpontzeko eta handitzeko proiektuaren II-B fasea. GIRDER Ingenieros enpresak idatzi du, 793.672 eurokoa da aurrekontua eta bost hilabeteko epea dute lan horiek egiteko.
Proiektuaren helburua da baranda, botaolak eta harrizko piezak birjartzea erasandako tarte osoan. Era berean, Kontxako pasealekuaren zabalera osoko zoladura berrituko dute.
Aurrekontu beharrak zirela eta, kostako horma konpontzeko eta handitzeko eta Kontxako pasealekuko baranda aldatzeko proiektua bi fasetan banatu zen.
Lehen fasea Kontxako bidegorriaren bigarren fasearekin batera egin zuten. Aurrekontu beharrak zirela eta, bigarren fase hori hiru zatitan banatu zen: II-A, II-B eta II-C. II-A fasea egikaritzen ari dira gaur egun, eta II-B fasea 2022ko aurrekontuan sartuko dute. Fase honek pasealekuaren 120 metro inguru hartzen du, eta zati horren zatirik handiena goian dagoen bidegorriaren ondotik igarotzen da gaur egun, eta, ekialdean, lorategidun parterre baten ondotik.