"Oraindik bukatu gabe daude Añorgako bulebarraren bigarren faseko lanak"
Zeresana eman du Añorgako zeharbidea bulebarrean bihurtzeko lanen bigarren faseak. Añorga Txikitarrak Auzo Elkarteak “haserre eta etsituta” daudela adierazi zuen pasa den astean, eta azalpenak eskatu dizkiote Eneko Goia alkateari. Hedabide honek kritika horren inguruan galdegin dio alkateari, eta lanak oraindik bukatu gabe daudela erantzun du.
“Nik dakidala, obraren azken detaileak falta dira, eta oraindik bukatu gabe daude. Hortik harago, zerbait egin beharko balitz, aztertzeko prest gaude”, esan du Goiak. Datorren astean udal gobernuak lan horien inguruko hiru interpelazio aztertuko dituela gaineratu du alkateak. Interpelazio horietako bat EH Bilduk aurkezturikoa da. Ohar baten bidez adierazi dute lanen emaitza “lardaskeria” bat dela.
Auzo elkartearen txostena
Auzo elkarteak zeharbidean egindako lanetan antzemandako arazo eta gabeziak biltzen dituen txostena osatu du, eta diotenez, “udalak arrazoia eman” die. Esaterako, hasieran aurreikusita zeuden berdegune eta zuhaitzak jarri ez dituztela salatu dute, eta horren ordez aparkalekuak jarri dituztela. Horrez gain, herritarrek kexak bidaltzeko herritarren postontzia erabili dezaketela gogorarazi dute.
Lanen lehen fasea 2016. urtean abiatu zen. Abuztuan ekin zioten lanen bigarren faseari eta 478.821,22 euroko aurrekontua izan du proiektuak.