Elkarretaratzea egin dute Mundaizko kaleratzea salatzeko
Protesta egin dute hainbat lagunek Donostiako Okupazio Bulegoak deitutako elkarretaratzean. Gaur goizean Mundaiz kalean izandako kaleratzea salatu du Okupazio Bulegoak.
“Gaurkoan ere argi gelditu da nola legediak jabetza pribatua gauza gehienen gainetik jartzen duen. Ezer gutxi inporta zaizkie legegile eta epaitegiei pertsona prekario eta arrazializatuen bizi baldintza edo giza eskubideak”. Bulegoaren iritziz, “Erakunde publikoen jokoa ez da garbiagoa. Espainiar mugetan migranteak sarraskitzen dituzte, Foru aldundiak legedirik gogorrenekin infernuko biztanleen kontra jo, eta Donostiako udalak apenas ez du eskaintzen etxe gabeentzako aterperik (100 ohetik behera eskaintzen ditu kalean direnentzat, eta 300 inguru “hostel” publikoetan). Diskurtsotan dabiltzan artean, gaur atzo baina jende gehiago etxerik gabe dago”.
Okupazioaren “kriminalizazio olatuarekin” bat datorrela uste dute gaurko gertaera, “pobreen kontrako gerran sakontzen duten bitartean”. Horregatik, elkartasunaren aldeko deia egin dute.
20 lagunen kaleratzea
Ertzaintzak Egiako Mundaiz kaleko 14. zenbakian bizi ziren pertsonak kaleratu ditu goizean, epaile baten aginduz. Goizeko bederatziak aldera Ertzaintzaren hainbat patruila bertaratu dira, eta gunea itxi dute, kaleratzearekin hasteko. Hainbat herritar ere hara joan dira, kaleratuak izango ziren pertsonei babesa adieraztera.
Hedabide honek jakin ahal izan duenez, han bizi ziren hainbat pertsonak azken egunotan utzi dute eraikina, bazekitelako kaleratzea gaur izango zela. Barruan gelditzen zirenak pixkanaka ateratzen joan dira, eraikinean zituzten objektuekin. 10:30ak aldera atera dira azkenak, eta ertzainek bukatutzat eman dute kaleratzea, eraikina itxiz. Eremu horretako eraikinak ADIFenak dira, eta eraistea aurreikusten dute. 2019an sute bat gertatu zen inguru horretan, eta eraikina kaltetuta geratu zen.