Ainara LeGardon, Miren, Verde Prato eta Eneritz Furyak igoko dira oholtzara 'Gure Ahotsak' kontzertuan
Azken hiru urteotan egin den moduan, Donostia Kulturak Gure Ahotsak kontzertua antolatu du aurten ere, emakume musikariei ikusgarritasuna emateko helburuarekin. Oraingoan, Ainara LeGardon, Miren, Verde Prato eta Eneritz Furyak izango dira oholtzan. Martxoaren 7an izango da kontzertua, Viktoria Eugenia antzokian, 19:30ean. Sarrerak salgai daude dagoeneko, 15 euroren truk; Viktoria Eugeniako eta Antzoki Zaharreko leihatiletan eta Donostia Kulturaren webgunean eskuratu daitezke.
2019an egin zen lehen aldiz Gure Ahotsak kontzertua, Emakumearen Nazioarteko Egunaren bezperan. Emakume musikarien lana balioesteaz gain, musikari hasiberriak eta eskarmentudunak oholtza gainean elkartzea du xede ekimenak. 2019ko emanaldian Sara Mansilla, Olatz Salvador, Elena Setien eta Izarok parte hartu zuten; 2020an Ainhoa Larrañaga, Sara Zozaya, Maren eta Belako izan ziren oholtzan, eta iaz, Idoia, La Basu eta Niña Coyote eta Chico Tornado.