"Ziur dominari lekutxoren bat topatuko diogula ikastolan"
Hiritar Merezimenduaren Dominak, Urrezko Danborrarekin batera, San Sebastian egunera itzuliko dira, eta udalak hiriarentzat lan egiten duten bost eragile sarituko ditu: Zurriola Antzerki Eskola, Kresala Zinekluba, Añorga Kultur eta Kirol Elkartea, Bidegin elkartea eta Jose Maria Leclercq. Bostekin hitz egin du IRUTXULOKO HITZAk, eta bost elkarrizketak ostiraleko astekarian eta webgune honetan egongo dira irakurgai.
Zurriola Antzerki Eskolako Oihana Maritorena irakasle eta koordinatzailearekin, esaterako, luze eta zabal hitz egin du hedabide honek, eta hemen duzue elkarrizketa horren aurrerapena:
Azken bi urteak zailak izan dira antzerkiaren inguruan ere elkartzeko. Eskolak nola kudeatzen ari da?
Arlo guztientzat izan dira zailak, eta kulturarentzat zer esanik ez. 2020-2021eko ikasturte hasiera zaila izan zen, ez baitzegoen oso argi zer gertatuko zen eskolaz kanpoko jarduerekin, baina Zurriola Ikastolak apustu handia egin zuen, eta behar bezalako neurriak hartuta gure jardunari ekiteko aukera eman zigun. Alde horretatik oso eskertuak gaude iazkoagatik, eta jakina, baita beti antzerki eskolagatik egin duenagatik ere. Ikasturte berezia izan dira iazko eta aurtengoa, ez baita erraza antzerkia maskararekin egitea, adibidez, baina ikasleek oso jarrera ona izan dute, eta baita gurasoek ere. Iaz emanaldiak beste era batera antolatu genituen eta guztien aldetik jarrera bikaina izan genuen, beraz, milesker denei hemendik.
Saria jasota, non jarriko duzue domina?
Begira, hori oraindik pentsatu ez dugun zerbait da. Ziur lekutxoren bat topatuko diogula ikastolan.
Ospakizunen bat egiteko asmoa duzue ikasleekin?
Buruan hainbat gauza ditugu, eta, akaso, 20. urteurrena ospatzeko ere aitzakia polita litzateke, baina oraindik ezin zehaztu ezer.
Dominak orain arte ez, baina antzerki munduko sariak jaso dituzte eskolako hainbat taldek. Zeintzuk dira horiek?
Donostiako antzerki topaketetan parte hartu izan dugunean hainbat sari jaso ditugu; taularatze onenarena, obra onenarena eta abar. Egia da gure helburua ez dela inoiz sariak jasotzea izan.
Emanaldiak egiten jarraitzea izango litzateke saririk onena.