"100 urtez lanean aritu direnentzako da saria"
Añorga Kultur eta Kirol Elkarteak 100 urte beteko ditu aurten. Kirol klub gisa sortu bazen ere, hasieratik kulturari garrantzia bera eman dio. Auzoarentzat eta hiriarentzat egindako lanarengatik jasoko dute Hiritar Merezimenduaren Domina.

Mendeurrenaren atarian, Hiritar Merezimenduaren Domina jasoko duzue.
Oso polita da horrelako aitorpen bat jasotzea. Mendeurrena ospatzen jarraitzeko modu paregabea da. Añorga Donostiako auzoa da, eta hiriak zein Donostiako Udalak egingo digun aitorpena da. 100 urtetan egin dugun lana eta hiriari egindako ekarpena sarituko dute. Guk egiten duguna jarduera publiko bat da, donostiar guztiei zuzendua, eta, bereziki, Añorgakoei. Azken batean, 100 urtez lanean aritu direnentzako da saria.
Noiz jakin zenuten hautagaien artean zeundetela?
Abenduan izan zela uste dut. Udaletxetik dei bat jaso nuen, eta orduan adierazi zidaten gure elkartea hautagaien artean zegoela. Egia esan, zoriontzeko deitu zidaten. Gerora jakin genuen hautagaiak asko zirela, 50 inguru. Domina eskuratzeko aukera zaila zela iruditu zitzaigun, hautagai guztiek merezi genuelako. Aldiz, asko poztu ginen bost sarituen artean geundela esan zigutenean. Egia esan, elkartearen mendeurrena zela eta, pentsatu genuen domina jasotzeko urtea eta momentua hau zela. Eta horrela izango da.
Herritarrek eta udal taldeek aurkezten dituzte hautagaiak. Zuen elkartearena argitu duzue zeinek aurkeztu zuen?
Gure inguruko batzuek esan ziguten elkarteak domina merezi zuela, eta hautagaitza aurkezteko ideia helarazi ziguten. Dena dela, jakin ahal izan dugunez, udalak proposatu zuen gure hautagaitza.
Dominaren bidez, zuen klubak ehunka neska-mutilen kirol garapenean eta garapen pertsonalean egiten duen ekarpena goraipatu dute. Urtetako lanaren emaitza da hori?
Bai, horrela da. Dena dela, kirolean ez ezik, kultura alorrean egindako lana ere nabarmendu nahi nuke. Kirol elkarte gisa sortu arren, berehala ikusi genuen kulturak garrantzia bera zuela.
Lanean jarraitzeko lagungarria da halako aitorpena?
Zalantzarik gabe. Horrelako lana egiterakoan eskertzekoa da jendearen erantzuna ona izatea. Horrelako aitorpena jasotzeak agerian uzten du ona dela egiten ari garen lana. Alde horretatik, lanean jarraitzeko gogoa ematen du.
1922an sortu zen elkartea. Zeintzuk izan ziren sustatzaileak eta lehen egitasmoak?
Auzoaren historiarekin lotuta dago elkartea. Añorga baserri multzo bat zen, auzoa oraindik ez zenean. Rezola fabrika sortzearekin batera, horren inguruan sortu eta hazi zen auzoa. Horrekin batera, han bizi zirenak mugitzen hasi ziren. Horrela sortu zen Club Deportivo Añorga, han bizi ziren kirolariei babesa emateko. Era berean, auzoko festak antolatzen hasi zen kluba. Gerora, kirola eta kultura izan ditu oinarri.
Kirolean futbola eta pilota dira zuen atal esanguratsuenak, harrobi izaera hartzeraino?
Historikoki, bai. Hasieratik daudenak dira. Kanpora begira emaitza handienak eman dituztenak ere badira futbola eta pilota. Lehen mailara iritsi diren futbolariak sortu dira hemen, baita pilotari profesionalak ere. Garaien araberakoa izan da hori. Jendeak eskatzen zuenaren arabera askotariko kirolak jorratu ditugu. Hala nola, txirrindularitza, halterofilia, boloak eta xakea. Batzuk desagertzen joan diren bezala, beste batzuk azaldu dira eskaera gehiago dutenak. Adibidez, triatloia eta saskibaloia.
Kulturari dagokionez, klubak sustaturiko zein egitasmo nabarmenduko zenituzke?
Urtero egiten den kultur programaz gain, urtean zehar ekintza asko antolatzen ditugu haur eta gazteentzat. Dantza taldea daukagu, erraldoi eta buruhandien konpartsa, bertsolaritza eskola eta beste. Kultur eta kirol alorrean euskarak duen presentzia ere nabarmendu nahi nuke.
Mendeurrena ospatzeko jarduera ugari antolatu dituzue. Zeintzuk dira aipagarrienak?
Iaz hasi ginen mendeurreneko jarduerak egiten programazio berezi baten bidez. Hori dena parte hartze prozesu baten bidez garatu genuen. Programari dagokionez, eskuorri bat banatu genuen auzoan, eta jarduerak urtarotan daude banatuta. Esaterako, sagarraren inguruko ziklo bat abiatu genuen iaz. Sagarra bildu genuen Añorga ezagutuz. Sagarrarekin lotura beste bi jarduera egingo ditugu. Bestalde, inauteriak ospatzeko maskarada antzeko bat egingo dugu, Añorgako dantzari, musikari, antzezle eta bertsolari ugari batuko dituena. Aldiz, mendeurreneko ekitaldi esanguratsuenak abendua bukaera aldean egingo ditugu.