"Donostia jende xeheak babestu zuen"
Hiritar Merezimenduaren Domina jasoko du Jose Maria Leclercqek (Donostia, 1963), 1813ko Donostiaren setioari eta erreketari buruz egin duen webgune dibulgatzaileari esker: www.sansebastian1813.es. “Humanizatu ezin dena humanizatzen” saiatzen ari da.
Normalean elkarteei ematen diete, baina, oraingoan, zuri bakarrik eman dizute.
Aitorpen pertsonal oso handia da. Hau oso lan bakartia da: etxean, bulegoan, tartetxoak bilatzen. Interneti esker mundu osoko artxibo eta liburutegietan zehar nabigatu dezakezu, baina halere, badirudi zure lana ez dagoela oso aitortua. Nazioartean kontaktu asko ari naiz egiten, mundu txiki horretan badaukat aitortza moduko hori, baina hirian beti da zailagoa. Albiste hauek, izugarrizko poza dira. Proiektuarentzat babes handia da.
Nola hasi zinen ikertzen?
Gure aita Donostiako historiaren zale amorratua zen. Bera ari zen ikertzen 1813ko erreketa, baina niri ez zitzaidan interesatzen. 2005ean, bera hiltzerakoan, bere lana ikertzen hasi nintzen, eta horrela sartu nintzen munduan.
Niri ez zaizkit gustatzen historialariak. Inor ez da inpartziala. Donostiaren suntsiketa bertatik bertara bizi izan zutenekin hitz egin nahi nuen nik. Nola egiten da hori? Memoriak irakurriz. Garai horretako memoria mordoa dago.
Webgunea sortu zenuen, sailkapen eta dokumentu ugarirekin.
Niretzat oso garrantzitsua zen zabaltzea, eta horretarako errazena webgune bat egitea zen. Hau guztia blog batekin hasi zen: Comeduras de tarro. 300.000 bisita izan ditugu jada. Horren gauza zehatza izateko, ez dago bat ere gaizki.
Eta zer topatu zenuen?
Errealitatea askoz ere gordinagoa zela kontatzen zigutena baino. Eta orduan hau zabaldu behar zela pentsatu nuen. Gernikako bonbardaketa adibidez, denontzat da astakeria hutsa. Ba, pentsa: hemen hori daukagu, eta gero emakume guztien bortxaketa, herriaren arpilaketa, herriari su ematen diote, hilabete geroago oraindik lapurretan jarraitzen dute. Garaian dago Gernikaren eta Donostiaren arteko aldea. Denborak zauriak orbantzen ditu. Gernika oraindik da odola duen zauri bat. Donostiakoa urrunago dago, ordea.
Nola laburtuko zenuke setioa?
Ingelesek, aliatuek, Wellingtonek eta hauek guztiek, astakeriak egin zituzten Donostian. Ez bakarrik bertako herritarrekin, tropekin ere bai. Donostia ez zen inteligentzia bidez hartua izan: odolaren bidez baizik. Sarraski bat gertatuko zelako ziurtasunarekin bidali zituzten soldaduak. Hau Hollywood balitz, hemen izugarrizko pelikula egingo lukete.
Ba al da topatu dituzunen artean harritu zaituen zerbait?
Adibidez, niretzat harrigarria da militarren afera. Jende xehea zen, normalean. Donostia babestu zutenak nekazariak, igeltseroak eta artzainak ziren. Soldadu horietako bakoitza drama bat da bere horretan. Haiek ere badira biktimak, Donostian gertatutakoarenak. Euren familiek ez zuten jakin hil egin zirela bi urte pasa ziren arte. Ingelesak ere, antzeko. Kaleko mozkorrak ziren gehienak.
Eta gauzarik garrantzitsuena?
Donostiarroi Frantziarekin kolaboratu izana aurpegiratzen ziguten. Eta beti ukatu izan dugu hau. Donostian denok ez gara eskuindarrak, denok ez gara ezkertiarrak… Donostian denetarik zegoen, baina topatu ditudan dokumentuengatik, badirudi baietz, kolaboratu zuela. Dokumenturen bat topatu dut, zeinetan esaten den: “Zaila izango da Frantzian topatzea defentsan horrenbeste inplikatu den hiri bat”.
Aurkitu dudan beste gauza bat da, britainiarrei asko izorratzen ziena, Donostia La Rochellerekin (Frantzia) batera kortsario portu garrantzitsuenetako bat zela. Hemen saltzen ziren itsasoan lapurtutako merkantziak. Salmenten dokumentu ugari ditut. Oso garrantzitsua zen, donostiar asko hortaz bizi baitziren.
Hiria osorik berreraiki zen. Garaiko herritar guztiak joan ziren, eta gehienak ez ziren itzuli ere egin.
Donostiaren historian hasiera berri bat da. Independentzia gerran herritar asko galdu zituen. 6.000 eta 9.000 herritar ziren setioaren aurretik. Setioan 3.000 lagun inguru geratu ziren. Eraildakoak ez ziren hainbeste izan. 100 inguru kontatzen dira, pentsa 200 izan daitezkeela ere. Ez da hainbeste. Arazoa gero etorri zen. Higieneari dagokionez, oso zikinak ziren gerra hauek. Donostiako kaleetan hilabetez baina gehiago egon ziren hilotzak lurperatu gabe. Pertsonenak eta animalienak 4.000 idi baino gehiago zegoen hirian. Irudi gogor bat dago hemen: hondartzan gorpuzki mendi bat egin zuten, su emateko. Baina soldaduek ez zituzten aintzat hartu mareak. Eta itsasgorarekin batera gorpuzkiak badia osoan barreiatu ziren: buruak, besoak, hankak, odola… izugarria izan zen. Epidemia etorri zen beraz. Eta hor 1.500 donostiar hil zirela kalkulatzen da. Hiri barrutian eta baita inguruko baserrietan ere.
Bildumazalea ere bazara.
Diruak horretarako aukera ematen didanean, garai horretako objektu eta dokumentuak erosten saiatzen naiz. Niretzat dira, baina ni hiltzen naizenean, hiriari emango dizkiot. Badut, adibidez, 1809an Donostian egondako mediku frantses batek idatzitako gutun bat. Neska donostiar batekin maitemindu zen, eta gutun honetan “betirako maitasuna” adierazten dio. Azken finean, benetako istorioak dira, pertsonak.
Liburu bat kaleratzea da asmoa, ezta?
Erditze oso luzea izaten ari da. Idatzi dut, eta berridatzi, eta orain, berriz berridatzi. 2023an kaleratu nahiko nuke, 110. urtemugan. Oraingoz ez dut argitaletxerik, eta espero dut dominaren ikusgarritasunak pixka bat bultzatzea. Ederra izango zen, zeren beste inork ez dakizkien gauza asko ditut hemen. Humanizatu ezin dena humanizatzea bilatu dudalako, azken finean.