"Emanaldiak egiten jarraitzea izango litzateke saririk onena"
Zurriola Antzerki Eskolak hilaren 19an jasoko du Hiritar Merezimenduaren Dominetako bat. Iaz 20 urte bete zituen eskolak, eta oraindik ez dute ospatzerik izan. Horrela ere, domina jasotzean zerbait antolatzeko asmoa dutela dio Oihana Maritorenak (Gros, 1984), eskolako irakasle eta koordinatzaileak. Oso pozik daude sariarekin, eta euskarazko antzerkia sustatzen jarraitzeko gogotsu daude.
Hiritar Merezimenduaren Domina jasoko du Zurriola Ikastolako antzerki eskolak. Zer suposatzen du zuentzat?
Oso berri pozgarria izan da, batez ere ingurukoen artean ikusitako ilusio eta pozarengatik. Antzerki eskolak bi hamarkada baino gehiagotan egindako lanaren errekonozimendua da, aurrera egiteko indarra ematen duena.
Dominen hautagaiak herritarrek eta udal taldeek proposatzen dituzte. Jakin bazenekiten udalak hautagaien zerrenda atera aurretik aukeratuen artean zeundetela?
Egia esan, ez genuen ezer jakin hautagaien zerrenda atera arte. Ezusteko polita izan zen.
Eta noiz jakin zenuten sarituak zinetela?
Sarituak izan ginela komunikabide bat gurekin harremanetan jarri zenean jakin genuen, baina aurretik udalekoak gurekin harremanetan jartzen saiatu ziren, baina komunikabide horren mezu hori ireki genuen lehenago.
Nola hartu zenuten albistea eskolakoek?
Denek oso pozik hartu dute berria, eta hori izan da politena, ingurukoen poztasun hori sentitzea. Azken batean, sari hau oso zatitua dago, jende askorena da eta horien guztiena da zatitxo bat: eskolatik pasatako ikasle guztiena, hau aurrera atera duten irakasle eta gurasoena, Zurriola Ikastolarena, azken batean bera da hainbeste urtetan antzerkia sustatu duena, eta testuak itzultzen izan ditugun pertsona guztiena.
Urrezko Danborraren ondoren, San Sebastian egunean ematen den bigarren oroigarri garrantzitsua da dominena. Hain zuzen, garrantzitsua da antzerki eskolarentzat? Zergatik?
Oso garrantzitsua da, bai. Azken batean, orain arte egindako lanari egindako aitorpen bat da, eta, aurrera begira, gauzak bide honetatik egiten jarraitzeko indarra ematen du. Antzerki eskola Donostia eta inguruetan euskarazko antzerkia egiteko erreferente bilakatu da, eta sari honek oihartzuna eman dezake, eta jendea gurera animatu. Guk antzerkia euskaraz egiten jarraitu nahi dugu, euskarazko antzerkia ikusi eta egiteko aukera normalizatu eta horretan ziur lagunduko duela.
Udalak eta herritarrek eskolak urtetan antzerkian egindako lana nabarmendu dute. Antzerki eskola ez da ikastola sortu zen garaikoa. Noiz sortu zen?
Zurriola Antzerki Eskola Zurriola Ikastola da, eta honek beti egin izan du antzerkiaren aldeko apustua. Horrela, eskolaz barne antzerkiko eskolak eskaintzeaz gain, orain dela urte asko eskolaz kanpo tailer modukoak eskaintzen hasi zen Andoni Alemanen eskutik. Arrakasta ikusita 2001. urtean Zurriola Antzerki Eskola sortzea erabaki zuten Joserra Fachadok, Montxo Imazek, Santi Goñik eta Anartz Zuazuak. Garai hartan, oraingo irakasle ere baden Mikel Sarriegi irakasle lanetan zebilen.
Zurriolako antzerki eskola ere garrantzitsua da antzerkian euskaraz aritzeko aukera ematen duen hiriko bakarrenetakoa delako.
Antzerki formazio integrala euskaraz jasotzeko aukera bakarra dela esango nuke, bai Donostian eta baita inguruan ere. Zurriola Antzerki Eskolak euskarazko antzerkiaren alde egin duen lana oso garrantzitsua da.
Adibide bat jartzearren, Donostiako antzerki topaketetan parte hartzen hasi ginenean gu izaten ginen emanaldia euskaraz eskaintzen genuen bakarrenetarikoak. Gaur egun, berriz, lan gehiago ikus daitezke euskaraz. Euskarazko antzerkizaletasuna sustatzen ere ekarpena egin dugula esan genezake, eta euskaraz antzerkia egitea normalizatu egin da modu batean.
Are gehiago, eskolak obra ezagun asko euskaratu ditu. Klasikoak zein modernoak. Obra batzuk aipatuko zenituzke?
Antzerki eskolaren ekarpen handienetako bat hau dela esan beharra dago. Lanean hasi ginenean oso antzerki testu gutxi zeuden euskaraz, eta arlo horretan lan handia egin dugu. Oraindik ere gabezia handia dago, baina zertxobait hobetu da egoera.
Horrelakoetan gure inguruko jendea izan dugu itzulpen lanetan, guraso, irakasle, ikasle eta lagunak. Batzuk aipatzearren: Felix Sainz, Ritxi Lizartza, Ainara Mendiola, Amaia Elizalde, Koldo Izagirre, eta Fernando Mendizabal. Asko izan dira, eta izugarri eskertu behar diegu.
Euskaratutako obren artean, hauek aipatuko nituzke: Alfredo Sanzolen Delikatuak (Felix Sainzek itzulia), Alfredo Sanzolen Ilargian (Bere garaian Kepa Errastik itzuli zuen TAErentzat), Alfred Jarryren Ubu Errege (Ainara Mendiolak euskaratua), Sofoclesen Antigona (Amaia Elizalde) eta Pilar Pomboren Oihu egiteko zubia (Ritxi Lizartza).
Horiez gain, lan asko ere guk sortu ditugu. Esaterako, Miren Maiteder kabareta, Naufragoak, 7tik 3, eta Izan ala ez izan. Horiek amateurrekin egindako lanak dira, eta horiei guztiei txikiekin egindako emanaldi eta ikuskizunak gehitu behar zaizkie.
Eraikin askotatik pasa da eskola. Zeintzuk diren gogoan duzu?
Ni antzerki eskolako ikasle izan naiz irakasle eta koordinatzaile izan aurretik, eta gogoan dut Montxo Imazekin non hasi ginen antzerkiko eskolak egiten, San Jose de la Montañan. Orduan oraindik antzerki eskola ez zen sortua, baina ikastola ondoan aritzen ginen. Hor egin nituen Joserra Fachadorekin nire lehen emanaldiak ere. Mariasun Landaren Iholdi obraren oroitzapen ederra dut eta baita Mutil ausarta lanarena ere.
Ondoren Kortxos eraikinean aritu ginen urtetan eta eraldaketa handia izan zuen lekuak antzerki eskola bertan egon zen urte guztietan. Hasieran areto bakarra zegoen bertan, auzolanaren bidez sortu zena, jende guztiaren borondate onarekin eta ondoren beste bi areto txikiago ere sortu genituen.
Behin Kortxos saldutakoan, Hurrako egoitzara pasa ginen eta bertan aldaketa ezberdinak egon dira. Etorkizunean ere Ategorrietako eraikinean areto berri bat egongo da, beraz, hemen ere Zurriola Ikastolak antzerkiaren alde egindako apustua agerian geratzen da.
Bi leku esanguratsu: Kortxos eraikina –gerora Kortxoenea gaztetxe izan zen, eraitsi eta etxebizitzak egin zituzten arte– eta Hurrako aretoa, orain arteko azkena. Zein da bakoitzaren garrantzia?
Denek izan dute berebiziko garrantzia. Agian Kortxos izan da antzerki eskolako urte gehienetan izan duguna eta sortu zen modua ere berezia izan zen, beraz, emozioak ere badakarzkigu. Oraingo aretoa ezberdina da, ikastolan bertan dago eta instalazio egokiak ditu gure lana aurrera eramateko.
Haur, nerabe, gazte eta helduak formatzen ditu eskolak. Betidanik izan da horrela?
Betidanik aritu gara adin guztietako jendearekin. Gurasoen taldea ere badugu. Gure asmoa eta helburua ahalik eta jende gehien antzerkia euskaraz egitera hurbiltzea da, adina edozein izanda ere. Antzerkia euskaraz egin nahi duen oro ongietorria izango da. Ateak zabal-zabalik aurkituko ditu.
Eskola sortu zenetik, zenbat ikasle pasa dira eskolatik, gutxi gorabehera?
Aurreko batean galdera bera egin ziguten eta aztertu beharreko zerbait dela erantzun genien. Zenbait urtetan 200 ikasletik gora izan ditugu, beste hainbatetan 170 inguru, tarte horretan ibili izan gara, baina ezin esan zenbat ikasle izan diren, batzuek urteak baitaramatzate gurekin. Hurrengo sarirako datu hau kalkulatu beharko dugu.
Hasieran ikasle ziren batzuk, aktore bihurtu ziren taula gainean. Baita ere antzerki profesionalean, telebistan, zineman eta Interneten. Zu horietako bat zara. Zeintzuk aipatuko zenituzke lortu duten oihartzunari erreparatuta?
Hala da, bai [barrez]. Egia da Zurriola Antzerki Eskolaren helburua ez dela aktoreak sortzea, baina onartu behar da eskolatik pasatako jende asko mundu honetan dabilela edota ibili izan dela lanean. Batzuk ikastolatik txikitatik ibilitakoak dira, bertan hazitakoak: Loreto Mauleon, Arkaitz Gartziandia, Asier Oruesagasti, Nerea Arriola, Markel Sainz eta ni neu. Aldiz, beste batzuk eskolara hurbildutakoak dira: Iñigo Aranbarri, Asier Sota, Aintzane Gamiz, Beñat Iturbe eta Egoitz Sanchez.
Ikasleen papera ere nabarmentzekoa da. Zeintzuk dira eskolako irakasle esanguratsuenak, zure ustez?
Antzerki eskola bi taldetan banatzen dela esan dezakegu: alde batetik LH3tik batxilergora bitarteko taldeak, eta, bestetik, 18 urtetik gorakoak, talde amateurrak. Lehen multzoan, batez ere, Zurriola Ikastolako ikasleak daude, baina irekia dago ordutegi aldetik aukera duten heinean, beste jende guztiarentzat. Maila bakoitzean antzerkiarekin lotutako arlo bat lantzen dugu: mimoa, klown pertsonaia, klown historia, testua, inprobisazioak, gorputz adierazpena, sormena eta ikasleek nahi dutena.
Amateur taldeak, berriz, orain bost dira eta horiekin askotariko lanketak egiten dira, taldearekin adostuta. Klasikoak egin izan ditugu, ondoren klowna, kabaretekin ere ausartu gara eta horrela lan ezberdinak egin dira ikasleek ere denetarik egin dezaten.
Irakasleei dagokienez, aurten lau irakasle gaude: Mikel Sarriegi, Joserra Fachado, Nerea Arriola eta ni. Joserra eta Mikel dira urte gehien daramatzatenak eta Nerea aurten sartu da. Iraganean Montxo Imaz, Nagore Aranburu, Anartz Zuazua eta Maider Oiarzabal izan ditugu gurean.
Gaur egun zenbat ikasle dituzue, eta zein da horien adin tartea?
LH3 eta batxilergoaren artean 140 ikasle ditugu. Aldiz, amateur taldeetan 35. Urtetan 200 ikasle izan ditugu, eta tarte horretan mugitzen gara.
Zeresana emango duten aktore gehiago sortuko dira antzerki eskolatik?
Ziur baietz. Etorkizunean ere erreferente izango gara zentzu honetan. Casting asko egiteko jotzen dute gurera, eta horrek ere gure ikasleen profesionaltasuna agerian uzten du, asko baitira errepikatzen dutenak.
Hala ere, aurretik esan bezala, gure helburua ez da aktoreak sortzea, ikasleek antzerkia eginez gozatu eta ikastea baizik. Antzerkia egiteak onura asko ekar ditzake. Pertsona bezala tresna asko lor daitezke antzerkiaren bidez, etorkizunean ikasle hauentzat ezinbestekoak izan daitezkeenak: publikoan hitz egiterako orduan lotsa galtzea, geure burua ezagutzea eta konfiantza lortzen dugu gure buruengan, besteak beste. Oso polita da ikasleek izaten duten bilakaera ikustea, eta magikoa izaten da askotan zein aldaketa politak ikusten diren bizitzea.
Zenbat antzerki obra egin ditu antzerki eskolak bere historian?
Zerrenda bat osatzen ari gara, baina egia da oraindik lana dugula egiteko. Talde bakoitzarekin urtero emanaldi bat eskaintzen dugu, eta amateur taldeekin ia urtero ere ikuskizun berri bat sortzen da. Amateurrekin bakarrik 60 ikuskizunetik gora egin direla esan genezake, eta besteekin egindakoak askoz ere gehiago izango dira. Atzera begiratuz gero, lan handia egin dugula konturatzea ederra da, eta horren parte izan eta sentitzea are gehiago.
Azken bi urteak zailak izan dira antzerkiaren inguruan ere elkartzeko. Eskolak nola kudeatzen ari da?
Arlo guztientzat izan dira zailak, eta kulturarentzat zer esanik ez. 2020-2021 ikasturte hasiera zaila izan zen, ez baitzegoen oso argi zer gertatuko zen eskolaz kanpoko ekintzekin, baina Zurriola Ikastolak apustu handia egin zuen, eta behar bezalako neurriak hartuta gure jardunari ekiteko aukera eman zigun. Alde horretatik oso eskertuak gaude iazkoagatik, eta jakina, baita beti antzerki eskolagatik egin duenagatik ere.
Ikasturte berezia izan dira iazko eta aurtengoa, ez baita erraza antzerkia musukoarekin egitea adibidez, baina ikasleek oso jarrera ona izan dute, eta baita gurasoek ere. Iaz emanaldiak beste era batera antolatu genituen eta guztien aldetik jarrera bikaina izan genuen, beraz, milesker denei hemendik.
Saria jasota, non jarriko duzue domina?
Begira, hori oraindik pentsatu ez dugun zerbait da. Ziur lekutxoren bat topatuko diogula ikastolan.
Ospakizunen bat egiteko asmoa duzue ikasleekin?
Buruan hainbat gauza ditugu eta akaso 20. urteurrena ospatzeko ere aitzakia polita litzateke, baina oraindik ezin zehaztu ezer. Hori bai, erabaki bezain laster jakinaraziko dugu.
Dominak orain arte ez, baina antzerki munduko sariak jaso dituzte eskolako hainbat taldek. Zeintzuk dira horiek?
Donostiako antzerki topaketetan parte hartu izan dugunean hainbat sari jaso ditugu; taularatze onenarena, obra onenarena eta abar. Egia da gure helburua ez dela inoiz sariak jasotzea izan. Emanaldiak egiten jarraitzea izango litzateke saririk onena.
Bukatzeko, zein da antzerki eskolaren etorkizuna?
Antzerki eskolak etorkizun oparoa izango du. Ikasleek gugan konfiantza dute eta euskarazko antzerkia irakatsi eta eskaintzen jarraituko dugu gure indar guztiarekin.