'Fillo' Etxeberria, Altzako boxeolaria
16 urterekin hasi zen boxeatzen Atotxa ondoko gimnasio batean. Gazte argala zen arren, berehala hasi zen borrokaldiak irabazten, eta Kubara joateko aukera eskaini zion Manuel Braña managerrak. Bertan, historiako boxeolari onenen aurka lehiatzera iritsi zen.
Carlos Flix eta Etxeberria boxeolariak ringean managerrekin eta arbitroarekin. (Argazkia: Ramon Claret) Julian Etxeberria Irigoien Altzako Berra baserrian jaio zen 1912ko ekainaren 28an, eta 1997ko abenduaren 31an hil zen Miamin (Amerikako Estatu Batuak). 1928. urtea baino lehen, familia Egiako Mandasko Dukearen pasealekura bizitzera joan zen. 16 urte zituela, Paulino Uzkudun boxeolari ezaguna AEBetatik itzuli zen, eta ongi etorri bira egin zuen Euskal Herritik. Uzkudunen arrakastak eta jasotako harrerak bultzatuta, bere etxetik gertu zegoen gimnasio batean eman zuen izena.
Fernando Conde boxeozaleak bere eta beste hainbat boxeolariren historiak berreskuratu ditu Boxeo 1930’s blogean. Bere hitzetan, Etxeberria boxeolari oso ona zen, teknikoki zein fisikoki. Ausarta eta zintzoa zen ringean eta baita kanpoan ere. Nazioarteko boxeolari handienetako bat izatera heldu zen.
Arrakasta Kuban
Bere trebeziak adituen arreta erakarri zuen. Sei boxeo-borrokaldi egin ostean, Manuel Braña kirol kazetari eta boxeolarien managerrak Ameriketara abiatzeko proposamena egin zion, eta 1930eko abuztuaren 29an iritsi zen Habanara (Kuba).
Gorputz argala zuen Etxeberriak, eta ez zuen boxeolari itxura. Hasieran, zaleek bere fisikoaz barre egiten zuten. Han jarri zioten Fillo (seme, galizieraz) ezizena, Kuban bizi ziren galiziarrek. Lortutako garaipenek, ordea, Kubako boxeoaren historiako lorietako bat izatera eraman zuten.
Munduko bost txapeldunen aurka aritu zen: Kid Chocolate, Freddie Miller, Lou Salica, Izzy Schwartz eta Alberto Baby Arizmendi. 100 borrokaldi profesional baino gehiago egin zituen, eta hainbat boxeolariren entrenatzailea izan zen; esaterako, Hiram Bacalao kubatar txapeldunarena.
Kubako iraultza piztu zenean, Mexikora joatea erabaki zuen. Hainbat urtez, kazetari lanetan aritu zen, boxeoaren inguruko artikuluak idazten.1970eko hamarkadan, berriz, Miamira joatea erabaki zuen emaztearekin eta seme-alabekin, eta bertan hil zen 85 urte zituelarik.

