Haurrak izango dira San Sebastian eguneko protagonistak
26 ikastetxek onartu dute haurren danborrada beste formatu batean egiteko proposamena. Ia 3.000 haur izango dira kalean urtarrilaren 20an; ohiko haur danborradaren %63.
Helduen danborrada eta bandera igoera eta jaitsiera bertan geratu diren arren, Donostiako Udalak hainbat ekitaldi egingo ditu San Sebastian egunaren inguruan. Ezohiko haur danborrada egingo dute urtarrilaren 20an, 26 ikastetxek haur danborrada beste formatu batean egiteko proposamena onartu ondoren. 26 ikastetxetako 30 konpainia aterako dira kalera 12:00etan: guztira 2.956 haur; ohiko haur danborradaren %63. Loiolako Erribera, Erdialdea, Gros, Bidebieta eta Antiguan hainbat kale itxiko dituzte haur danborradako konpainien desfileetarako.
Urrezko Danborra eta Hiritar Merezimenduaren Dominak
San Sebastian eguneko sariak ere beste formatu batean emango dira. Biak ekitaldi berean izango dira, urtarrilaren 19an, 19:00etan, Viktoria Eugenia Antzokian. Orain arte udaletxean eman izan dira, baina kokapen berriari esker edukierari dagozkion osasun neurriak bete ahal izango dira. Ekitaldi irekia izango da, eta gonbidapenak eskura daitezke Donostia Kulturaren plataformaren bidez, baita Viktoria Eugenia Antzokiko leihatilan ere.
Asteartean jakinarazi zuen udalak Esther Ferrer artista donostiarra ez dela Donostiara etorriko Urrezko Danborra jasotzera. Atzo, ordea, Eneko Goia alkatea saria aurrez aurre emateko Parisera joango dela jakin zen. Udalak jakinarazi zuenez, Ferrerrekin adostuta hartu dute erabakia, eta alkatea igandean, hilaren 16an, joango da Parisera. Oposizioko alderdiak haserre daude, Eneko Goiari Urrezko Danborraren ematearen inguruan “gezurra” esatea egotzi diote eta. Atzo goizean egindako udal bozeramaile batzordean, Urrezko Danborraren ematearen alternatibaren inguruan galdetu zioten, eta oraindik erabakirik hartu ez zela azaldu zuen alkateak. Hortik gutxira, sare sozialetan eta hainbat hedabideetan, Eneko Goia Parisera joango zela baieztatu zen.
Udal txistulari Bandaren aldez aurreko kontzertua
Antzoki Zaharrean kontzertu bat egingo dute igandean, urtarrilaren 16an, 12:00etan. Isidro Ansorena omenduko dute ekitaldian, duela 100 urte San Sebastian egunean hark jo baitzuen txistua lehen aldiz . Gonbidapenak gaur eta bihar artean eskuratu ahal izango dira. Agortu ezean, Antzoki Zaharreko leihatiletan ere egongo dira eskuragarri kontzertua hasi baino lehen.