Kata taberna: maskaren museo herrikoia
Egiakoa bazara, Tetuan 'Kata' taberna ezagutuko duzu. Eta ezaguna baduzu, ohartuko zinen paretak maskaraz josita dituela. Kata eta katamaloen arteko harremana 1994an hasi zen, Brasilgo maskara bat oparitu zietenean. Ordutik, mundu osoko maskaren bilduma ederra osatu dute.

Giza zibilizazioaren sorreratik, gizakia, sakratuaren eta mundu espiritualaren arteko lotura sakon baten bila ibili da. Planeta osoko kultura tradizional gehienentzat, maskararen dantzak antzezleei eta haien ikusleei harreman indartsua sortzea ahalbidetzen die, sakratuaren zentzu esanguratsu batekin”.
Honela irekitzen du Chris Rainier estatubatuarrak Mask liburua. Mundu osoko maskarak batzen ditu bere lan paregabeak, Balitik Perura, Congotik Vietnamera.
Maskarek badute magia hori, pertsona ezkutatu, eta beste pertsonaia bat sortzearen misterioa. Paretan jarrita, Egiako Kata tabernan badituzte mordoxka bat.
“Dena nahi gabe” hasi zela dio tabernako jabeetako batek, Markos Ruiz de Gaunak, Katalina Tetuanen semeak.
1994an iritsi zen lehen maskara: “Brasilen egon ziren Joseba eta Bittor Zanpantzar tabernako lagunek ekarri zuten, opari moduan”. Espero ez zutena zen tradizio berri bat irekiko zutela.
Maskarak ekartzea, tradizio
Hortik aurrera, ‘katazale’ batek bidaia bat egiten zuen bakoitzean maskara bat bilatu, eta tabernari oparitzea ohitura bihurtu zen.
“Ordutik ez dakit zenbat iritsi diren ere!” aitortu du Ruiz de Ganuak. 60tik gora batu dituzte urte hauetan “eta jendeari nahikoa dela esan genion, gehiago ez ekartzeko, lekurik ez genuen eta!”.
Munduko maskaren liburua
2016an, 2.016 euro lortu zituzten Munduko Maskarak ale bakarreko liburua argitaratzeko. Bertan daude Katan egon diren maskara guztien argazkiak, eta bertan, oparia egin zutenek kontatuta, maskararen istorioa.
Brasilgo lehen maskara horren istorioa ongi bilduta dute: “Brasilen inauteriak probatzera joan ginenekoa. Hara iritsi, maletak utzi eta emozioarekin, lehenengo gaupasa egin eta eguerdi aldera, merkatu batera joan ginen, sururu salda hartzera. Salda eta zerbezaren ondoren, maxkara guri begira ikusi eta erosi egin genuen, Katako lagunentzat”.
Badira gehiago: Kubako Hatuey indioaren historia kontatzen duena; Itsasok Indiatik ekarritako elefantearena “familia eta etxearekiko babesarekin” duen loturagatik; Greziatik ekarritako tragediaren maskara, komediarena bidean galdu arren; Mexikotik “negozioaren babesa” bilatzen duen maskara; Txinatik 50 urteko zorte ona dakarrena…
Kontinente guztietako herrialdeetatik etorri dira maskarak. Kuba, Nikaragua, Nepal, Txina, Maroko… Azkoitistán-etik ekarritako bat badago ere!
Saiatu arren, liburuan ez daude maskara guztien azalpenak, eta aitortzen du, bera ere galdu egiten dela: “Hau Juanillok ekarri zuen Kubatik, hau Txinok Nepaletik, hau ere jakingo nuke esaten… baina beste batzuk ez daukat ideiarik ere, ez nork, ez nondik ekarri dituen”.
Kale izenak ere opari
Barrez onartzen du eskuetatik joan zitzaiela. “Hor dagoen WestStratze hori nik hartu nuen, Alemaniako herri txiki bateko gau dibertigarri batean, hango lagun batzuek eramateko eskaini baitzidaten. Jendeak hori ikusi eta kaleen plakak ekartzen hasi zen. Horri ere ezetz esan behar izan genion, beraz!”.
Beldurraren bodegatxoa
Koadroak ere bere istorioa badu. “Badakizu zein den ikatz-marrazkiz egindako Che Guevararen marrazki famatua? Tipo berak egin zuen koadroa”.
Koadroan, hori eta gorriak nahastuz, Kata tabernaren sarrera ikusten da, atzeko eskailerak eta guzti. Eta goian La bodeguita del miedo afixa. “Ba margolari hau ez da sekula hemen egon, ez du sekula hemengo argazkirik ikusi. Juanillok kontatu zion nolakoa zen kalezuloa, eta bete-betean asmatu zuen”. Beldurraren bodegatxoaz galdetuta, irri egiten du: “Egia esan, garai hartan, gaupaseroak hurbiltzen zirenean, beldurra ematen zigun hona lanera etortzeak [barrez]”.
Abiadura moteltzea
36ko gerraren ostean, Pitillasetik (Nafarroa) kanporatua izan zen Markos Tetuan aitona, eta Egian bi taberna ireki zituen 1950eko hamarkadan. Beheko Tetuan, eta goiko Tetuan. Ordutik, auzoaren bizitzan ezinbesteko topaleku bihurtu dira.
“Gizakia, sakratuaren eta mundu espiritualarekiko lotura sakon baten bila ibili da” maskaren eta bestelako errituen bitartez. Katan topatua dute, horrenbeste mistikaren beharrik gabe, auzokoen maitasun, eta miresmena. Sakratuena, komunitatearekin bazkaltzea delako.