Oposizioa haserre dago udalak Urrezko Danborraren ematearen inguruan "gezurra" esan duelako
Asteartean jakinarazi zuten Esther Ferrer artista donostiarra ez dela Donostiara etorriko Urrezko Danborra jasotzera, eta atzo, berriz, Eneko Goia alkatea saria aurrez aurre emateko Parisera joango dela jakin zen. Udalak jakinarazi zuenez, Ferrerrekin adostuta hartu dute erabakia, eta alkatea igandean, hilaren 16an, joango da Parisera.
Alderdi Sozialistak udal bozeramaileen premiazko bilera eskatu du gaur goizean, izan ere, udalari Urrezko Danborraren ematearen inguruan “gezurra” esatea egotzi diote. Atzo goizean egindako bozeramaileen batzordean, Urrezko Danborraren ematearen alternatibaren inguruan galdetu zioten, eta oraindik erabakirik hartu ez zela azaldu zuen alkateak. Hortik gutxira, sare sozialetan eta hainbat hedabideetan, Eneko Goia Parisera joango zela baieztatu zen. Horrek haserrea sortu du oposizioko alderdien artean. Goizean egin dute bilera, alderdietako bozeramaile eta alkateak. Bertan, San Sebastian Eguneko ekitaldien inguruko informazioa helarazi die.
EH Bilduko bozeramaile Reyes Carrerek azaldu du gertatutakoa “oso larria” dela. Alkatearekin egindako bileran, erabakia hartzean alderdietako bozeramaileei informazioa helarazteko konpromisoa eskatu zioten, eta hedabideen bitartez jakin zutela salatu du. “Ez da lehenengo aldia”, dio bozeramaileak. “Duela urtebete, inori aurretik esan gabe, banderaren igoera egin zuen Konstituzio plazan”, gogorarazi du. “Herritarren sari bat da, herritarrek proposatzen baitituzte saridunak eta udal korporazio guztiak aukeratzen du sariduna”. “Protagonismo pertsonala eta alderdikoia” bilatzen ari dela uste du: “Horrek ez dio mesederik egiten ez hiriari, ez sariari; eta are gutxiago Esther Ferrerri. Halako artista batek ez du merezi eztabaida honen erdian egotea”.
Aitzole Araneta Elkarrekin Donostiako bozeramaileak dioenez, alkateak bere kabuz hartu du Parisera joateko erabakia, “informazioa ezkutatuz”. Horrez gain, osasun egoera kontuan hartuta, eta Eneko Goia LABI batzordeko kidea izanik, beste herrialde batera joatea “inkoherentetzat” jo du erabakia. Saria beste modu batean emateko aukera seguruak daudela argudiatu du.
Gaur goizean, Jon Insausti Kultura zinegotziak haur danborrada eta San Sebastian eguneko ekitaldien inguruko informazioa azaltzeko adierazpenak egin ditu. Bertan, oposizioaren aldetik egindako kritiken inguruan galdetu diote. Zinegotziak azaldu duenez, urtero alkatea da hiriaren izenean Urrezko Danborra ematen duena eta aurten, “tradizioari eutsiko” diotela azaldu du. Hala, alkatea herritarren ordezkari gisa joango dela nabarmendu du. Bestetik, Edurne Ormazabal Tabakalerako zuzendaria ere bertan izango da. Zinegotziak azaldu duenez, Esther Ferrerrekin harreman estua du, eta bere azken erakusketa bertan egin zuen 2019an.