Penaz, baina 2023ra begira jarri dira danborradak
Abenduan, koronabirus kasuak etengabe igotzen hasi zirenean, donostiarrek bi egunetan jarri zuten fokua: San Tomas eta San Sebastian egunetan. Lehenengoa laster erori zen, eta azkenean, bigarrena ere erori da. Danborradek dena prest zuten aurten kalera ateratzeko, baina ezingo dute hiria danbor eta upel hotsez bete.
Esan dezaket 2022ko San Sebastian eguna ospatuko dugula», esan zuen Eneko Goia alkateak urriko lehenengo egunetan. Labi batzordeak osasun larrialdia bertan behera utzi berri zuen, eta udalak, danborradetako eragileekin bildu ostean, danborradarekin aurrera egitea erabaki zuen. Ordea, omikron aldaera iritsi zen urte amaieran, eta dena aldatu zen, joan den astean danborrada bertan behera uztera iritsi arte.
“Oso ilusionatuta hasi ginen danborrada prestatzen, irailean esan zigutelako danborrada aurrera zihoala”, azaldu du atsekabez Iñigo Mendizabalek, Groseko Dolphins danborradako antolatzaileak. Ordea, abenduan gauzak okertzen ari zirela nabaritu zuten: “San Tomas eguneko azoka bertan behera utzi zutela ikusi genuenean, egoerak itxura txarra hartu zuen. Gauzak antolatzeari utzi genion, udalaren erabakiaren zain”.
Dolphinsekoek udalaren erabakiaren berri izan arte itxaron zuten, baina aurretik hainbat konpainiak iragarri zuten ez zutela danborradan parte hartuko. Horietako bat izan zen Kresala, eta Iñigo Basagoiti antolatzailearen arabera, erabakia hartu zuten ez zitzaielako “bideragarria” iruditzen: “Guk hiru danborrada ditugu, eta gero eta zailago ikusten genuen hiruak segurtasun neurriak bermatuta ateratzea. Horregatik, urtarrilaren hasieran bildu ginen, eta ez ateratzea erabaki genuen; 400 pertsonatik gora mugitzen ditugu, eta ardura handia da. Udalak baiezkoa eman izan balu ere, Kresalarentzat ez zen bideragarria”.
Amara Berriko, Loiolako Erriberako eta Morlansko danborraden delegatu Jesus Ausejo udalak delegatuekin egindako bileran egon zen, eta nabarmendu du erabakia espero zuela: “Polemikoagoa izango zen udalak baiezkoa ematea ezezkoa baino, ezezkoaren justifikazioa argia baita, indarrean dauden neurriak direla eta”. Era berean, azaldu du bere zonako danborraden artean hainbat ikuspuntu zeudela: “Azterketa bat egin nuen nire zonako 21 danborraden artean: lau antolatzearen aldekoak ziren (neurri guztiak hartuta, eta abar), bederatzi aurkakoak ziren eta zortzik ez zuten argi, udalak erabakitzen zuena onartuko zuten”.
Udalak bandera igoera, jaitsiera eta Alderdi Ederreko ekitaldi jendetsuak bertan behera utzi ditu, baina ez dauka danborraden desfileak bere horretan debekatzeko eskumenik. Horrela ere, San Sebastian eguneko ospakizunak bertan behera egonda eta egoera orokorra ikusita, Mendizabalek, Basagoitik eta Ausejok adierazi dute ez dutela desfilerik edo bestelako jarduerarik antolatuko. “Zerbait hitz egin da; adibidez, Saguesera joatea, bakoitza bere materialarekin, kanta pare bat jotzera eta parranda pixka bat egitera, baina ez dakit… danborradaren izenean behintzat ez dugu ezer egingo”, nabarmendu du Mendizabalek. Ildo beretik jo du Ausejok: “Ez da danborradarik bere kabuz aterako. Baliteke kuadrillaren bat sukaldariz jantzita kaletik jotzera ateratzea, baina besterik gabe. Hala ere, ez da iazko egoera bera, iaz etxeratze agindua zegoelako indarrean. Aurten, askok afari bereziren bat egingo dugu, ondoren kopa bat hartuko dugu tabernaren batean… Giroa beste bat izango da”.
Datorren urtean bai
Bigarren urtez danborradarik gabe gelditzea gogorra dela deitoratu du Ausejok: “Iaz baino kolpe gogorragoa jaso dugu aurten, urrian hasi ginelako danborrada prestatzen, eta azken momentuan utzi behar izan dugu bertan behera. Giro ezkor honetan, herriak festa behar du”.
Mendizabal ere triste agertu da: “Pena ematen dit bertan behera gelditu izana, baina ez danborradarekiko sentimenduengatik, festaren inguruan mugitzen den guztiarengatik baizik: materiala saltzen duten enpresak, txarangak… ez diete alternatibarik eskaini, bigarrenez”.
Atsekabearen gainetik, datorren urtera begira, baikor agertu dira hiruak, eta San Sebastian eguna ganoraz ospatu ahal izatea espero dute. Hirugarrenean asmatuko dutela dio Basagoitik: “Iaz gauza bera esan genuen, baina espero dugu datorren urtean danborrada ospatu ahal izatea; hirugarrenean asmatuko dugu!”.