"Txillardegiren kronika hauek badute etorkizunari egindako dei bat"
San Telmo Museoan aurkeztu dute Txillardegiren Kronikak idazlan hautatuen bilduma (Susa, 2022). 1960ko eta 1970ko hamarkadetan ‘Zeruko Argian’, ‘Punto y horan’ eta ‘Plazaran’ argitaratutako kronikekin.
ARGIAko Gorka Bereziartuak argi esan du: “Txillardegiren kronikak biltzen dituen liburu berri hau ospatzeko moduko zerbait dela uste dut. Erakusten digulako gauzak bestela egiten zirela idatzi ziren garai horretan”.
Bereziartuak azpimarratu du ez duela “idealizatu” nahi 1960ko eta 1970ko hamarkadetako kazetaritza. “Baina Txillardegiren kronika hauek, badute etorkizunari egindako dei bat. Gaur egungo kazetariak beste era batez begiratzera gonbidatzen gaituztenak; dena datu hotzetara mugatu nahi duen garai horren tranpetatik ihes egitera. Gure zer eta nola guztien kronista izatera gonbidatzen gaitu”.
Juan Luis Zabala, lanaren zuzentzaile eta euskara batura ekartzearen arduradunak, adierazi duenez, “Koldo Izagirre izan da liburu honen motorra”. Txillardegirengandik emandako irudi itxi horren “erabat kontrakoa” da liburu honetan eskaintzen dena. “Hemen oso humano, oso gertuko agertzen da. Bere ondora eramaten zaitu”.
Bidaia kroniketatik harago, “jakin-minak gidatu zuen Txillardegi”, Zabalaren ustez: “Exilioa gehi jakin-mina Txillardegi, mundua gehi Euskal Herria, Txillardegi”.
Kezka adierazi zuen ere Zabalak, bere ondarea non dagoen eta nola ulertzen den. Euskara batua eta garbizalekeria izan zituen ardatz: “Euskara batua garbizalekeriaren kontra” sortu baitzen.
Koldo Izagirre arduratu da testu guztiak aukeratzeaz. “Kontalaria hizkuntzalaritik bereizi daiteke? Humanista alderdikeriatik, nola erreskatatu idazlea bere ideologiatik?” galderak izan ditu presente. “Txillardegiz ari garenean euskaltzalea, pentsalaria, abertzalea, hizkuntzalaria, humanista, militantea, bat eginda dauzkagu bere idatzian, bere hizkeran, bere estiloan, bere iritzietan eta bere zalantzetan”. Aniztasun horrek indartzen ditu kronika hauen balioak, Izagirreren ustez.
Txillardegi artikulu egilea, ipuinlaria, eleberri egilea eta saiakera egileaz gain, “aitortu gabeko Txillardegi bat daukagu hemen, aitortu gabeko genero literario eder eta baztertu baten eredu gorenena”.
Txillardegik, ez dauka eskultura bat, pintura bat dauka, Parking baten sarreran. Eta jendea pasatzerakoan, irakurtzera geratzen da. Bertan ez du jartzen Bilboko Sabino Aranaren eskulturan jartzen duen “euzkadi da euzkotarren aberria”. Hemen, irakurtzera geratzen denak, bere benetako legatua irakurtzen du: “Euskara da euskaldunon aberria”.