"Lau urte geroago, borrokan jarraitzen dugu pentsio publiko eta duinak lortzeko"
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak lau urte bete ditu, eta beste behin, “borrokan jarraitzen dutela” aldarrikatzeko kalera irten dira. Gipuzkoako pentsiodunak Alderdi Ederretik abiatu dute manifestazioa. Askatasunaren Hiribidetik Okendo kaletik sartu dira eta Bulebarreko kioskoan eman diote amaiera mobilizazioari. Jende ugari bildu da bertan, laugarren urteurrena ospatu eta pentsio duinak eskatzeko.
Berdin dio nork gobernatu, guk pentsio publikoak defendatu! leloarekin atera dira kalera. “Lau urte geroago, borrokan jarraitzen dugu pentsio publiko eta duinak lortzeko”, nabarmendu dute. Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak milaka lagun batu ditu, eta egindako mobilizazioek erakundeek hartu dituzten erabakiak baldintzatu dituztela gogorarazi dute: “oso harro gaude langileen eskubideen alde egindako gure borrokaz”. Hala ere, ospakizunez gain, hainbat gauza ere salatu dituzte. Batetik, estatuko gobernuak osatzen duten alderdien promesak eta konpromisoak bete ez direla azaldu dute. “Kongresuan onartzeko dagoen lan erreformak ez ditu PPren erreformak indargabetzen. Hori ez da lan prekarietateari aurre egiteko eta gure pentsioak ordaintzen dituzten gizarte kotizazioak hobetzeko behar den erreforma. Halaber, onartu den pentsio erreformak ez ditu 2011ko erreformako pentsioen murrizketak indargabetzen. Gure erosketa ahalmena %3 baino gehiago murriztuko da. Gobernuari 2011eko, 2013ko, eta 2021eko pentsioen erreformen alderdi atzerakoienak behingoz indargabetzea eskatzen diogu”.