"Osasun sistemaren kolapsoa" salatu du Kontseilu Sozialistak
Atzo arratsaldean, Kontseilu Sozialistak elkarretaratzea egin zuen Donostiako Ospitalean osasun sistemaren kolapsoa salatzeko eta osasunaren gaineko langile kontrola aldarrikatzeko. Osasun sistemako langileen egoera “oso larria” dela nabarmendu zuten, “ospitaleak gainezka” daudelako. “Prebentzioa, medikuntzan inbertsioa eta osasun langileen lan baldintzak indartu beharrean, birusari aurre egiteko neurri murriztaile eta errepresiboak hartu dituzte agintariek”.
Hori dela eta, kalitatezko osasun sistema baten norabidean kokatzeko beharra adierazi zuten: “Hori lortzeko, osasunaren esparruan ere proletalgoaren eta dirudunen artean dagoen segregazioarekin bukatu behar dugu”. “Publikoa zein pribatua enpresa farmazeutikoen interesen menpe daude eta eredu ekonomiko berari erantzuten diote”: “Publikoaren defentsa egin baino kalitatezko osasun baterako baldintza sozialismoaren eraikuntza dela uste dugu”.
Osasungintzaren kolapsoaren aurrean, osasun sistema sozialista baterako norabidea egingo dutela azaldu zuten, “unibertsala eta kalitatezkoa izango dena”.