27 industrialdeko sarbide berriaren obra uda aurretik bukatuko da

GI-2132 errepidea, Astigarraga parean, Donostiako Martutene auzoan dagoen 27 industrialdearekin lotzeko obraren erdia baino gehiago egina dago. Aurreikuspenen arabera, maiatzaren erdirako sarbide eta irtenbide berria izango ditu.
Lotune erdi horrek Astigarragako Bidebitarte biribilgunetik industrialdera eta handik biribilgune horretarako mugimenduak ahalbidetuko ditu. Horrela, gaitasun handiko sareko sarbide berri bat emango zaio industrialdeari, Martuteneko biribilgunean trafikoa arinduz. Puntu horretan bide berri bat sortuko da lotune erditik, zeinak Petritegiko bidea gurutzatuko duen, ondoren, Astigarragako Galtzaur auzoa eta Antondegi gaina inguratuko dituen, eta, azkenik, 27 industrialdeko Ubarburu pasealekuari lotuko zaion.
Konexio berriak ia kilometroko luzera du, eta errepidearen trazatua eta lur mugimendu gehienak eginak daude. Horrela, obren erdia gauzatuta dago dagoeneko, lotunearen eraikuntzan beharrezkoak diren zazpi hormetatik lau bukatu direlako eta bosgarrena ere oso aurreratuta dagoelako. Lanak iazko maiatzean hasi ziren eta sei milioi pasako aurrekontua dute.
27 industrialdea
Enpresa parke zabala da 27 industrialdea, gaur egun sarbide bakarra duena Martuteneko biribilgunetik. Proiektu honen helburu nagusia bide horretako trafikoa arintzea da. Sarbide berriak edukiera handiko sarearekin lotune zuzena eratzea ekarriko du. Horrek asko arinduko du gaur egungo biribilguneak jasaten duen trafikoa.
Martuteneko biribilgunean, egunero eta ordu jakinetan, trafiko handia pilatu ohi da. Donostiako sarrera bat da erabiltzaile askorentzat eta, hori dela eta, bertan elkartzen dira 27 industrialdera sartzen edo handik irteten diren ibilgailuak, ospitale eremutik datozenak edo hara doazenak, Donostian sartu edo irten nahi dutenak eta AP-8tik sartzen edo irteten ari direnak. Aurreikuspenen arabera, industriaguneko sarbide berriarekin, 27 industrialdeko trafikoa asko arinduko da eta, ondorioz, horrek Martuteneko biribilgunea ibilgailuz arintzen lagunduko du.