Otsailean abiatuko dira KoopFabrikako formazioak Egiako Teila Fabrikan

Otsailaren 1etik martxoaren 10era, hamaika formazio saio antolatu ditu KoopFabrikak Egiako Teila Fabrikan. Ekonomia Sozial eta Eraldatzailearen ikuspegitik proiektu sozio ekonomikoak abiatzeko ekimena da KoopFabrika, eta profesionalei, zein gaian interesa dutenei zuzenduta dago. Lehen aldiz egingo da Donostian aurten.
Otsailaren 1etik martxoaren 10era egingo da Egiako Teila Fabrikan. Ekonomia soziala, ekosistema kooperatiboak, komunikazio eta marketina, ekonomia feminista, kudeaketa eta bideragarritasuna landuko dira saioetan.
Ekonomia sozial eraldatzailea eta ekintzailetza soziala sustatzeko programa
KoopFabrika proiektu profesional eta ekimen sozio ekonomikoak martxan jartzen laguntzeko programa da. 2017an lehen aldiz abian jarri zenetik, hamarnaka proiektu bultzatu dira. “Ekintzailetza sozial kooperatiboak ekintzailetza eredu desberdina jartzen du erdigunean: komunitatearen beharretatik abiatu eta komunitatean saretzen da eta autoeraketan oinarritutako eredu demokratikoa da. Proiektuaren bideragarritasunaz gain, bizigarritasuna ere hartzen du kontuan”.
Lankidetzan sorturiko programa da KoopFabrika, izaera anitzeko eragileak saretzen dituena: OlatuKoop sarea, Mondragon Unibertsitateko Lanki ikertegia eta EHUko GEZKI Gizarte Ekonomia Zuzenbide Kooperatiboaren Institutua dira proiektuaren sustatzaile nagusiak. Urte hauetan zehar ordea, bestelako eragileen laguntza ere jaso du. Lurraldeko eragileei dagokienean, Debagoieneko garapen agentzia, Beterri-Buruntza Udalak eta Oarsoaldea garapen agentzia, besteak beste. Programa honetan bidelagun izan da Gipuzkoako Foru Aldundia ere, ekonomikoki lagunduz.