Udalak 2,6 milioi euro bideratuko ditu Gizarte Larrialdietarako Laguntzetara

2022ko Gizarte Larrialdietarako Laguntzak (GLL) emateko jarduera irizpideak eta zenbatekoak onartu ditu Donostiako Udalak. Guztira, 2.693.355 euroko gastua aurreikusi dute. Dena dela, Eneko Goiak alkateak adierazi du diru zati hori ez dela behin-betikoa: “Handitu ahal izango da eskatzaile kopuru handiagoari eta emandako laguntzen zenbateko handiagoari erantzuteko, betiere aurrekontuaren baliabideen arabera”.
Laguntzak ondorengo gastuetarako dira: etxebizitza alokairua, alokairu konpartitua, berrakura, logela alokairua, hotel eta pentsioetan alojamendua, ohiko etxebizitza erosteko eskatutako hipoteken interesak eta amortizazioa, etxebizitzan sarrera, logelan sarrera, oinarrizko elikagaiak eta aurretiko zorpetzea etxebizitzaren alokairurako. Beste gastu batzuetarako –obrak, energia gastuak eta abar– eman beharreko laguntzek Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren agindua onartu arte itxaron beharko dute. Agindu horren bidez, GLL-etarako aurreikusitako kontzeptu bakoitzerako 2022rako gehieneko zenbatekoak ezartzen dira.
2021ean guztira 3.237 espediente artatu ziren (aurreko urtean baino 231 gehiago), eta horien artean 3.494.437 euro banatu ziren (aurreko urtean baino 233.622 euro gehiago). Aurrekontuaren ia erdia etxebizitzarekin lotutako laguntzetara bideratuta dago ( %49 2021ean), eta ondoren, hurbiletik, energiarekin lotutakoak daude ( %34 2021ean). Hori dela eta, Gizarte Ekintza sailak alokairura bideratutako gehieneko laguntza hilean 250 eurotik 275era handitzea aurreikusten du, eta energiara bideratutako gehieneko kopurua urtean 750 eurotik 900 eurora. Gainera, urtarrilean 162.068 euroko aparteko gastua egingo da GLL-en bidez energia gastuetarako diru laguntzak eskatzen dituzten familientzat, 2021eko GLL-en kontura.