Espainia zigortu dute Xabier Atristain presoari abokatua aukeratzen ez uzteagatik
Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Espainia zigortu du euskal herritar baten giza eskubideak urratzeagatik. Berriak eman du ebazpenaren berri. Xabier Atristain Gorosabel preso donostiarraren kasuagatik zigortu dute Espainia. 2010ean atxilotu eta inkomunikatu zutenean ez zioten abokatu bat hautatzen utzi, eta ondorioz prozesu “justu eta ekitatezko” bat izatea galarazi zioten.
Sententziak inkomunikazioa aipatzen du bereziki, Zigor Reizabal abokatuak Berriari jakinarazi dionez. Eta, beraz, uste du “oso larria” dela jarritako zigorra. “Positiboa” ere bai, epaiak “lehen aldiz” zehazten duelako “hain garbi” atxilotu bati aukerazko abokatua edukitzeko eskubidea urratu zaiola. “Aurrekari oso garrantzitsua” izan daiteke, abokatuaren ustez, eta aztertzen ari dira “norainokoa” izan daitekeen haren eragina.
Atristain 2010eko irailaren 29an atxilotu zuten, eta Espainiako Auzitegi Nazionalak berehala agindu zuen hura inkomunikatzeko, lehergaiak aurkitzeko ikerketa oztopatu zezakeela argudiatuta. Orduan egindako deklarazioetan, bere burua hainbat ekintzaren erantzuletzat jo zuen, eta adierazpen horiek oinarri hartuta hamazazpi urteko espetxe zigorra jarri zioten 2013an, ETAko kide izatea egotzita.