Illunben jokatuko da emakumezkoen eskubaloi kopa apirilaren 29tik maiatzaren 1era bitarte
Iaz Donostian jokatu behar zen Espainiako Eskubaloi Kopako azken fasea, baina publikorik gabe jokatu behar zenez, lekuz aldatu zuten. Aurten, ordea, Donostian jokatuko da; zehazki, Illunben. Kopako azken fasea apirilaren 29tik maiatzaren 1era bitarte izango da. Bera Bera eta Elx sailkatuta daude, eta gainerako taldeak zehazteko kanporaketak urtarrila bukaeran jokatuko dira. Azken faseak ohiko formatua izango du: ostiralean final-laurdenak jokatuko dira, larunbatean finalerdiak eta igandean finala.
Gaur goizean egin dute koparen aurkezpena Gipuzkoako Aldundiaren prentsa aretoan. Batzen gaituen kopa da hautatu duten leloa. Duela 26 urte antolatu zen hirian azkeneko aldiz kopako azken fasea, 1996an. “Kopa iristeko zain geunden”, adierazi du Tati Garmendiak, Bera Berako arduradunak. Horrekin batera, kopa “integratzailea” izatea nahi duela nabarmendu du: “Koparen inguruan emakumeen kirolaren inguruko kongresu bat antolatuko da askotariko iritziak jasoko dituena”.
Azken bi urtetan egin ez den arren, Donostiak kopa txikia berreskuratuko du. Hau da, sailkatzen diren talde guztien kadete mailako kopa. Kasu honetan, kadete taldeek ligaxka jokatuko dute, gutxienez bakoitzak hiru partida jokatuko ditu, eta multzo bakoitzeko txapeldunek igandeko finala jokatuko dute.
Antolakuntzak abonamenduak erosteko webgunea abian jarri du webgune honetan. Hiru eguneko abonuak 35 eurotan jarriko dituzte salgai, eta gazteenek (6-14 urte) 19 euro ordainduko dituzte.