La Sirena aterpetxea astearte gauez itxita egon dela salatu du Harrera Sareak
Pasa den ostiraletik gaueko zerbitzua eskaintzen aritu ondoren, Donostiako Udalak atzo gauean itxi egin zuen Antiguako La Sirena aterpetxea. Azken egunetan 50 bat lagunek gaua han pasa dutela adierazi du Hiritarron Harrera Sareak. “Bitxia da gure salaketa plazaratu genuen egun berean, udalak aterpetxea ireki izana. Larunbat, igande eta astelehen gauean irekita egon zen, baina atzo itxita egon zen. Tenperatura zertxobait igo delako hartu zuten erabakia”, azaldu dio hedabide honi Harrera Sareak.
Atzo gauean gertaturikoa salatu dute, Harrera Sareak laguntzen dituen etxegabe batzuk aterpetxeraino joan zirelako ostatu bila. “Egian afari solidarioak ematen ditugu, eta etxegabe gazte batzuek jakitean gaua La Sirenan pasa zezaketela, hara joan ziren. Ordea, atea itxita topatu zuten. Hori dela eta, Egiara itzuli ziren”. Aterpetxea irekita dagoen ala ez jakiteko modurik ez dutela dio Harrera sareak. “Beraien artean hitz egiten badute jakiten dute gaua Ondarretan pasa dezaketela, edo guk esaten badiegu”.
Astebururako “sekulako” hotza iragarri dutela gaineratu dute. Horiek horrela, La Sirena aterpetxea gauero irekita mantentzea eskatu du Harrera Sareak: “Lau egun zabalik izan dute eta berriz itxi. Berriz hotza dator, eta zentzugabea iruditzen zaigu itxi eta bi egun barru berriz ere zabaltzea”. Horregatik, negurako aterpetxe bat egon behar duela nabarmendu dute. “Beste hiri batzuetan neguko aterpetxeak daude. Azaroan ireki eta martxora arte zabalik dagoen aterpetxe bat behar du Donostiak. Soilik egun batzuetarako irekitzen den aterpetxe batek ez ditu beharrak betetzen”. Horrez gain, aterpetxean gaua pasa duten pertsonen iritzi positiboa jaso du Harrera Sareak: “Oso pozik daude, eta zerbitzua erabiltzen jarraitu nahi dute”.