Orixekoak eta Mundaizkoak izan dira Erdialdeko haur danborradako protagonista nagusiak
Erdialdean zeuden aurtengo haur danborradako foku nagusiak, bertan desfilatu baitute Orixe ikastetxeko danbor nagusi Lorea Arrietek eta Mundaiz ikastetxeko pertsonaiek.
Normalean, Alderdi Ederreko balkoietan egoten dira danbor nagusia eta pertsonaiak, baina aurten haur danborrada hiriko bost gunetan banatu dutenez, kalean egon dira, gainontzeko haurrekin batera.
Orixekoez eta Mundaizkoez gain, Aldapeta Maria ikastetxeko, Deutsche Schuleko, Gaztelubide Txikiko eta Aieteko Jesuitinas ikastetxeko haurrek desfilatu dute Erdialdetik; guztira, 790 haurrek hartu dute parte. Bretxatik abiatu dira, eta Bulebarra zeharkatu ondoren, Hernani kalea hartu dute, ondoren Askatasunaren hiribidera heltzeko. Handik, Bulebarrera itzuli dira berriz, Legazpi kaletik.
Jarraian, Erdialdeko haur danborradan egindako irudiekin osatutako irudi bilduma: